Albisteak

2023-04-04

EH Bildu lehen aldiz aurkeztuko da udal hauteskundeetara Caparroson

EH Bildu lehen aldiz aurkeztuko da udal hauteskundeetara Caparroson NAFARROA

EH Bilduk jakitera eman du aurtengo maiatzaren 28ko udal hauteskundeetan Caparroson lehenengo aldiz aurkeztu eginen dela. Josu Anton Lasterra, hain zuzen, izanen da alderdiaren hautagaia.

Josu Anton Lasterra, Caparroson 1963an jaioa, bertako nekazaritza kooperatibako langilea da eta esperientzia du udal politikan Caparrosoko Ezkerreko Asanbladako zinegotzi gisa. Orain, EH Bilduren zerrendaburu izateko urratsa eman du, “sinetsita baitago EH Bildu tresna baliagarria dela herriari ezkerreko ikuspegi batetik ekarpena egiteko, sozialari eta kolektiboari lehentasuna emanez, interes partikularrei soilik erantzuten dieten politika zaharren gainetik”.

EH Bilduk ohar batean jakitera eman duenez, “herritarren eta zerbitzu publikoen defentsa, ingurumen eta iraunkortasun politikak, euskararen aldeko babesa eta tokiko garapena eta herritarren parte-hartzea bultzatzea” dira alderdiak Caparrosorako duen programan babestuko dituen lan ardatz nagusiak.

Ildo horretatik, “kultur eta elkarte saretik bai eta Caparrosoko gazte mugimendutik ere etorritako pertsonek zerrenda anitza osatuko dute”. “Gauzak beste era batera egiteko eta herriaren alde lan egiteko ilusioa da gure zerrendaren arrazoia", adierazi du alkategaiak.

Tuteraren ondoren, Caparroso da EH Bildu aurtengo udal-hauteskundeetan hautagaitza lehen aldiz aurkeztuko duen bigarren udalerria. Hala, Nafarroako Erdialdean bere presentzia zabalduko du alderdi politikoak, Tafalla hiri nagusiko Alkatetzan egun dagoelarik.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a