Osoko Bilkurara daramaten adierazpen batean alorreko zinegotzi den María Caballero (UPN) gaitzesten dute eta etxez-etxeko arreta hobetzeko diagnostiko bat eskatzen dute ere
EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek adierazpen bat izenpetu dute elkarrekin, besteak beste Etxez-etxeko Arreta Zerbitzua udalak zuzenean kudeaturiko zerbitzu bakar batean bateratu dadila eskatuz eta orain arte zerbitzua ematen zuen sozietate publikoa desegitea eskatuz ere. Horrela, sozietate honen baitan zeuden 162 langile Udalaren plantillan sartzea berresten duen Auzitegi Gorenaren ebazpenari betekizuna ematen zaio.
Halaber, osteguneko Osoko bilkuran eztabaidatuko den adierazpenak María Caballeroren gaitzespena planteatzen du, “Etxez-etxeko Arreta Zerbitzuarengan eragin zuzena duen kudeaketa tamalgarriaren” erantzule nagusia den heinean. Testuak gogorarazten duenez, bera da, zinegotzi delegatu den heinean, zerbitzua bitan zatitzeko erabakiaren arduraduna, “deskoordinazio egoerak sortuz eta erabiltzaileek jasotzen duten zerbitzua okertuz, bai eta langileriaren lan-baldintzak okertuz ere”.
Akordioaren hirugarren puntuak diagnostiko bat burutzea eskatzen du, “erabiltzaileen beharrizanak ikertzeko eta zerbitzuaren funtzionamendua hobetzeko”. Beste gai batzuen artean, arreta ordu gehiago ezartzeko aukerak analizatzea planteatzen dute adierazpena izenpetzen duten taldeek, bai eta kudeaketaren hobetzea eta arreta auzoka edo guneka antolatzeko aukerak ikertzea ere, horrela joan-etorriak murrizteko.
Testuaren zioen azalpenean, zerbitzua Gobernuak Udalari eskualdatu zionetik (1997) Servicio de Atención Al Domicilio Pamplona, S.L (2021) sozietate publikoa sortu zen uneraino egindako bidea azaltzen da, eta Auzitegi Gorenaren azken epaiaren inplikazioak nabarmentzen dira ere. “Kudeaketa ereduaren aldaketa Udalak duen Langileen Hitzarmen Kolektiboaren 13 artikuluaren aurkakoa da”, nabarmentzen da. Halaber, “enplegu publikoa sustatzeko helburuarekin, gaur egun langile finkoak direnekin edo kontratu mugagabea duten langile ez finkoak direnekin burutzen diren lanak ez dira azpikontratatuko”, gogorarazten dute EH Bildu, Geroa Bai eta Contigo-Zurekin taldeek. Gainera, “zerbitzuaren banaketak zuzendaritza eta kudeaketa egituren bikoizketa dakarrela” salatzen dute, “bi erakundeen arteko deskoordinazio egoerak sortuz eta lan berbera egiten duten langileen lan-baldintzetan ezberdintasunak sortuz ere, horrek Etxez-etxeko Arreta Zerbitzua tamalgarria izatea eraginez”