EH Bildu pozik agertu da Berriozarko Udaleko Obra eta Zerbitzuen Buruzagitza lanposturako lehiaketa-oposizioaren deialdiari Navarra Sumako zinegotzi Daniel Cuesta Castañedak jarritako gora jotzeko errekurtsoa gaitzetsi duelako Nafarroako Adiministrazio Auzitegiak, eta "EH Bilduren jarrera babestu" duelako.
EH Bilduk hasieratik defendatu duen bezala, ebazpen judizialaren arabera, "egungo plantilla eskubide osoz onartu zen eta P4 (euskara) hizkuntza eskakizuna izateko baldintza legal guztiak betetzen ditu". Ildo horretan, ebazpenak dioenez, "EH Bilduk uneoro defendatu duen bezala, deialdiak ezin du plantillaren hizkuntza-eskakizun desberdina izan, eta, beraz, ezin da errekurritu".
Gainera, EH Bilduk nabarmendu duenez, "Berriozarko Udaleko Euskara Sailak txosten bat egin zuen lanpostu horrek euskara derrigorrezkoa izateko arrazoiak azaltzeko eta argudiatzeko". Eta udal taldeak gogorarazi duenez, "txosten hori behin baino gehiagotan igorri egin zaio Navarra Sumari".
Halaber, EH Bilduk gogorarazi duenez, "deialdia hainbat aldiz eraman da auzitegietara aurretik, eta kasu guztietan Berriozarko Udalaren aldekoa izan da ebazpena".