EH Bildu Nafarroa Talde Parlamentarioak galdera idatzi bat eta ahozko beste bat erregistratu ditu datorren osteguneko osoko bilkurarako, Nafarroako Gobernuko presidenteari zuzenduta, martxoaren 15ean alarma egoera indarrean sartu zenetik osasun pribatura bideratu diren koronabirusarekin gaixotutako pazienteen kopurua eta ezaugarriak ezagutzeko, bai eta Nafarroako Gobernuak entitate pribatu horiei tarifak negoziatzeko planteatuko dizkien irizpideak ezagutzeko ere.
EH Bildu Nafarroak galdera hau egin du duela egun batzuk Gobernuko presidenteak pandemia egoera honetan lankidetza publiko-pribatuaren termino ekonomikoak oraindik negoziatu ez direla esan zuenelako. Bakartxo Ruiz bozeramaileak gogorarazi duenez, onartutako lehen Errege Dekretuaren eta gerora emandako Ministro Aginduaren bidez (COVID-19ak eragindako osasun-krisiaren egoera kudeatzeko neurriak jasotzen zituenak), "autonomia erkidegoek eskura izango dituzte osasun-zentro pribatuak eta bertako langileak".
Horren harira, Bakartxo Ruizek adierazi duenez, "Nafarroako Gobernuak osasun sistema osoa 'Nafarroako osasun sistema integratutzat' jo du aste hauetan zehar, eta, beraz, uste dugu kostu-prezioan edo Osasunbideak ezartzen dituen erreferentziako prezioekin egin beharko litzatekeela". Hala, "ezin da izan sektore pribatua publikoa baino garestiago gertatzea pandemia honi aurre egiteko, are gehiago Nafarroako Gobernuak baliabide publiko eta pribatuak erabili direla adierazi duenean", gaineratu du taldeko bozeramaileak.
Hori dela eta, beharrezkotzat jo du "Nafarroako Gobernuaren jarrera eta negoziazioa nola egingo den argitzea".