-Lehenik eta behin, gure doluminak adierazi helarazi nahi dizkiegu egun hauetan coronavirusak jota hil diren lagunen familiei. Baita gure babesa eta elkartasuna ere, ospitalean dauden edo etxeko jarraipena duten pertsona guztiei, Aierdi kontseilaria eta Yolanda Ibáñez parlamentarioari barne, eta haien guztien senitartekoei, lehenbailehen senda daitezen espero dugu.
- Bigarrenik, eskerrak eman nahi dizkiegu osasun-langile guztiei egiten ari diren lan bikainagatik, bai eta zerbitzu publiko guztietako langile guztiei, garbiketako langileei, supermerkatuetako langileei, elikadura-dendei, farmaziei … eta gure eskubideak bermatzeko eta oinarrizko produktuak eskuratzeko bestelako lanetan dauden guztiei ere,.
- Hirugarrenik, Nafarroako herritarrak koronabirusaren ondorioak arintzeko erakusten ari diren erantzunkizuna eta elkartasuna balioan jarri nahi dugu, bai prebentzio-neurriei dagokienez, bai herriz herri eta auzoz auzo sortzen ari diren elkartasun-sareei dagokienez, gehien behar dutenekin lankidetzan aritzeko. Herritarrak sare solidarioak sortzen jarraitzera animatu nahiko genituzke, gure komunitateei babesa emateko.
PROPOSAMENAK
Aurrekaririk gabeko osasun-krisi baten aurrean gaude, duela hilabete batzuk imajinatu ezin genuena, ezta duela aste batzuk ere, eta oso jakitun izanik oraindik ez dela okerrena iritsi. Ikusteke dago osasun, gizarte, lan eta ekonomia arloan izango dituen ondorioen norainokoa.
Une honetan, EH Bilduren lehentasuna osasun publikoa eta jendartearen ongizatea da. Eta, gizarte osoan bezala, serioski kezkatuta gaude. Krisi hau zaintza erdigunean ez daukan sistema baten ahuldade guztiak ispilu aurrean jartzen ari delako, gaur bertan mugimendu feministak argi azaldu duen bezala. Agerikoa da, era berean, 2008ko krisiaren ondoren, funtsezko zerbitzu publikoak ahuldu zituzten murrizketa-politikek ere eragin nabarmena izan zutela. Joera hori iraultzen hasi da azken urteotan, baina egoera horrek erakusten du beharrezkoa dela indartzen, sendotzen eta hobetzen jarraitzea, pribatizazioak eta murrizketak defendatzen jarraitzen dutenen aurrean.
Eta egungo markoaren mugak ere agerian uzten ari da, non erabaki asko Madrilen erabakitzen denaren kontura geratzen diren, eta are gehiago alarma egoeraren aitorpenarekin. Kezkatu egiten gaitu:
1. Osasun-arloa eta lan arriskuen prebentzioa. Oso garrantzitsua da profesionalek eskura izan ditzatela baliabide guztiak eta langileentzako prebentzio-neurriak bermatuta egotea. Horri dagokionez, Osasun departamentuari helarazi dizkiogu kezkak, antzematen ari diren gabeziak eta LM(lehen mailako arreta)ko zein ospitaleko profesionalek funtzionamendu eta eraginkortasun hobea izateko egindako proposamenak.
Hala badagokio, eta ospitaleratzeak nabarmen ugarituko direla aurreikusiz, beharrezkoa da Osasunbideak behar adina baliabide pribatu izatea eta erabiltzea, osasun publikoak lehentasuna izan behar baitu gizarte osoarentzat. Badakigu ildo horretatik hitz egiten ari direla erakunde desberdinekin, eta berandu baino lehen baliabide gehigarriak gaitu beharko direla osasun publikoak larrialdi hori artatzen jarraitu ahal izan dezan, baita gainerako herritarrei ere.
Langileen osasuna babesteari dagokionez, Funtzio Publikoan hartutako neurriak baloratzen ditugu, eta Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu enpresa pribatuetan arriskuen prebentzioa zaindu dezala, sindikatuen aldarrikapenak kontuan hartuko dituzten segurtasun eta prebentzio neurri nahikoak ezarriz.
2. Egoeraren kudeaketari dagokionez, NGren prestutasuna eta talde politikoekiko komunikazioaren arintasuna nabarmendu nahi ditugu, etengabe ari baikara harremanetan Osasun Departamentuarekin eta Gobernuko presidentearekin, bai eta beste kontseilari batzuekin ere, eta ezagutzen ditugu hartu diren neurriak. Oinarritzat hartuta nafarren osasuna dela lehena, kezkatu egiten gaitu alarma egoeran NGk gauzatzen duen lidergoa eta haren ekintza Espainiako Gobernuaren aginte bakarraren mende geratzea, ez baitu Nafarroako errealitatea ez berezko premiak ezagutzen, eta salbuespenezko egoera hori baliatzen baita eskumenak birzentralizatzeko, garrantzitsuena eragile eta administrazio desberdinen arteko koordinazio eta lankidetza egokia denean. Madrilen hartzen den erabaki bat bera ere ez da Nafarroan hartzen direnak baino hobea edo eraginkorragoa izango, gure errealitatearen ezagutzatik eta gure baliabideen kudeaketa eraginkorretik abiatuta.
3. Era berean, oso kezkatuta gaude pandemiaren eta hartzen ari diren neurri jakin batzuen ondorioekin, birusa zabaltzea saihestu behar dela jakin arren:
- Lehenik eta behin, pertsona ahulenengan, mendekotasuna duten pertsonengan, adinekoengan (batez ere bakarrik bizi direnengan), eskolan ez bada janari duina bermatuta ez duten adingabeengan, gerora sortutako egoerari aurre egin ezin dioten egoera ekonomiko prekarioan dauden familiengan, indarkeria matxista jasaten duten emakumeengan… Beharrezkoa da premiazko neurriak aurreikustea eta hartzea pertsona horien guztien eskubideak eta ongizatea babesteko, Etxez-etxeko Arreta Zerbitzuak indartuz, gizarte-larrialdietarako eta energia-pobreziarako laguntzak, beharrezkoa den telefono bidezko eta aurrez aurreko jarraipen soziosanitarioa, Osasun Zentru eta Zerbitzu Zentroetatik.
- Bigarrenik, kezkatzen gaitu egoera aprobetxatzeak eskubideak murrizteko, eta krisi honen ondorioak, beste batzuetan bezala, sektore ahulenek ordaintzea. Dagoeneko gertatzen ari dira Aldi baterako Lan Erregulazio Espedienteak, kaleratzeak, langileen prekarizazioa hainbat esparrutan. Horregatik, Nafarroako Gobernuari eskatzen diogu aurreikus ditzala eta har ditzala neurriak langileen lan-eskubideak, osasunerako eskubidea eta kontziliaziorako eskubidea bermatzeko, baita eremu pribatuan eta autonomoetan ere, hori egin dezakeen neurrian, eta Estatuko Gobernuari plantea diezaiola Gizarte Segurantzak ere bere gain har dezala bere erantzukizuna, egoera horietan soldatadun lizentziak aurreikusteko.
Nafarroako Gobernuak Aldi baterako Lan Erregulazio Espedienteak eta EREak (Lan Erregulazio Espedienteak) banan-banan aztertu eta bideratzen saiatu beharko da, lan eskubideak bermatzeko. Herritarren lan eta gizarte-eskubideak blindatu behar dira, horietako bat bera ere zalantzan jar ez dadin. Egoerak zailak direnean, ondorioak ezin dituzte langileek bakarrik jasan; aitzitik, krisi honen kostuei aurre egiteko gizartearen ekarpena proportzionala izan behar da. Ildo beretik, uste dugu beharrezkoa izango dela finantzaketa-lerro espezifikoetarako aparteko neurriak gaitzea, autonomoak eta enpresa txiki eta ertainak konpentsatzeko funtsak, aberastasuna birbanatzeko premiazko neurri fiskal eraginkorrak…
Uste dugu beharrezkoa dela zaintzarekin lotutako neurriak eta lan arloko ondorioak, ondorio ekonomikoak eta bestelakoak eragile sozioekonomiko eta politikoen mahai zabal batetik kudeatzea, mugimendu feministaren parte hartzea ere bermatuta, gaur egin duten esakera aintzat hartuz. Hori da EH Bildun egoki ikusten dugun kudeaketa eta Nafarroako Gobernuari helarazten diogun proposamena.
NGri pribatuan eskua luzatu diogu eta gaur publikoki egiten dugu, gure esku dagoen guztian laguntzeko, guztion artean egoera hau gainditzeko.