EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak mozio bat erregistratu du 0-3 zikloaren ikuspegi integrala balioan jarri eta norabide horretan neurriak hartzeko beharra aldarrikatuz. Hala, foru Gobernuari eskatzen dio “ez dezala bi urteko gela berri solterik sortu, sustatu edo erregularizatu, ez bada 0-3 eskaintza osoaren barruan”.
EH Bilduren Hezkuntza bozeramaile Eneka Maizek defendatu egin du 0-3 zikloaren “kudeaketa homogeneizatzeko premia”. Izan ere, azaldu duenez, “orain dagoen dibertsifikazioa eta bateratasun falta gainditzeko erabakiak hartu behar dira, toki entitateekin eta hezkuntza-eragileekin batera planifikatuta”.
Maizek gogoratu du haur eskolek “izaera asistentziala” izan dutela historikoki eta zerbitzu pribatuak izan direla nagusiki. “Baina Hezkuntzari buruzko 2/2006 Lege Organikoak hezkuntza-izaera eman zion
0tik 3 urtera bitarteko haurren arretari eta 3/2020 Lege Organikoak hezkuntza izaera hori berretsi egin zuen”, azpimarratu du.
Bestalde, 79/2012 Foru Aginduaren bidez, Hezkuntza Departamentuaren eta tokientitateen artean lankidetza hitzarmenak izenpetzeko oinarriak ezarri ziren, udal titulartasuneko Haur Hezkuntzako Lehen Zikloko ikastetxeen kudeaketa finantzatzeko asmoz. Eta 61/2022 Foru Dekretuak Nafarroako Foru Komunitateko Haur Hezkuntzako etapako irakaskuntzen curriculuma, Lehen Zikloa barne, ezarri zirela azaldu du EH Bilduko bozeramaileak.
Eneka Maizek adierazi duenez, “argi dago ahalegina egin dela, baina ziklo hori hezkuntza-sistemaren barruan erabat txertatuta egoteko asko falta da oraindik. Nafarroan, hiru urtetik beherako haurrak era eta baldintza desberdinetako zentroetan daude gaur egun: Nafarroako Gobernuaren haur-eskoletan, udalaren haur-eskoletan, haurtzaindegi pribatuetan, ikastetxe pribatuetako bi urteko geletan…”. “Unibertsaltasunerako asko falta da oraindik, eskaintza oso dibertsifikatua dago, eta herri eta auzo askotan ez dago eskaintza osorik”, salatu du.
Horregatik, “sistema integral eta homogeneo bat ezartzeko bide-orri zehatza adostu beharra dago, eskaintza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa izan dadin, gainerako hezkuntza-etapen modura”, defendatu du.
Hala, EH Bilduren bozeramaileak balioan jarri ditu “gure alderdiaren ekarpenei esker 0-3 zikloa duintzean egindako lorpen garrantzitsuei”, foru Gobernuarekin sinatutako azken urteotako aurrekontu-akordioetan jasotakoak. “EH Bildutik modu erabakigarrian lagundu diogu ziklo honetako hezkuntza-izaera bultzatzeari, hezkuntza-komunitatearen eskutik, eta norabide horretan jarraituko dugu”, defendatu du Maizek.
Ildo horretan, Hezkuntza Departamentuak iragarri du datorren ikasturtean 0-3 urte bitarteko Haur Hezkuntzako Lehen Zikloa doakoa izango dela Nafarroako sare publikoko haur-eskoletako familia guztientzat, baita ikastetxe publikoetan proba pilotu moduan bi urteko gelak irekiko dituela esan ere. Maizek nabarmendu du hezkuntza komunitatearen zati handi baten eta eragile politiko eta sindikal askoren iritziz, ordea, bi urteko gela horiek “ez datozela bat hezkuntza-eskaintza integral batekin, horrek zikloa zatitzea eta ahultzea dakarrelako”.
Hortaz, mozio honen bidez, EH Bilduk Nafarroako Gobernuari eskatzen dio “ez dezala zikloa zatika eskaintzeko biderik hartu”. Honako mozioa maiatzaren 2an Nafarroako Parlamentuan burutuko den Osoko Bilkuran eztabaidatuko da eta EH Bilduk espero du “babes nahikoa izatea” aurrera ateratzeko, “ezinbestekoa baita 0-3 zikloaren ikuspegi integrala kontuan hartzea hezkuntza izaera errespetatzeko eta indartzeko”.