Europako hauteskunde kanpainaren atarian, Bakartxo Ruiz Europako hauteskundeetarako EH Bilduren zerrendan laugarrenak hasiera eman dio kanpainari Gazteluko Plazan.
Bakartxo Ruiz:
Gaur Europako hauteskunde kanpainari hasiera emango diogu gogotsu, azken urtebete honetan bai udal eta foru hauteskundeetan, bai Espainiako hauteskundeetan eta EAEkoetan egin dugun moduan. Egia da, eta jakin badakigu: jendartearen zati batek oso urrunekotzat dituen hauteskundeak direla, momentu honetan Europako erakundeek eskaintzen digutena herritarren beharrak asetzetik urruti dagoela eta panorama beltza dugula parean: gerra testuingurua, genozidio bat gertatzen ari denean, ultraeskuinaren gorakada eta militarizazioa…
Arriskuz beteriko testuinguru honetan, hain zuzen ere, inoiz baino beharrezkoagoa da indar egitea gure bizitzan eragina duten erabakiak hartzen diren eremuan. Eta gure ahotsa ozen entzutea, beti egin dugun moduan, injustizien kontra eta herritarron eta estaturik gabeko nazioen autodeterminazio eskubideen alde. Betikoek betikoa erabaki ez dezaten, ezkerretik eta soberanismotik bestelako Europa bat posible dela aldarrikatzeko. Planto egin dezagun Europa eta mundua eliteen mesedetara eta herritarrei bizkar emanda gobernatu eta maneiatu nahi dutenen aurrean.
EH Bilduk erronka jarri dio bere buruari: Hego Euskal Herri osoan ere, lehenengo indarra izatea. Posible da. Posible da, mobilizatzen bagara, ekainaren 9an botoa ematera ere joaten bagara. Beste behin, aukera daukagu Euskal Herria nazioa dela aldarrikatzeko. Erakusteko Euskal Herrian herritarrok logika propioa dugula; gure kezka, haserrea eta gauzak aldatzeko nahia lau haizetara zabalduko dugula, eskura ditugun tresna guztiekin, baita hauteskunde hauetan botoa emanez ere.