Albisteak

2021-06-10

Bel Pozuetak berretsi egin du Pirinioetako despopulazioaren aurkako neurriak bultzatzeko konpromisoa, inguruko ordezkariekin izandako bileraren ondoren

Bel Pozuetak berretsi egin du Pirinioetako despopulazioaren aurkako neurriak bultzatzeko konpromisoa, inguruko ordezkariekin izandako bileraren ondoren NAFARROA

Bel Pozueta Nafarroako EH Bilduko diputatua Pirinioetako alkate, beste hautetsi eta zonaldeko hainbat asanbladetako kideekin bildu da, eremu horretako “premia larrienak” aztertzeko.

Pirinioetako ordezkariek Pozuetari adierazi diotenez, despopulazioa da kezka nagusia. “Premiazkoa da politika zehatzak abian jartzea, duela hamarkada batzuetatik Pirinioen inguruan izan den despopulazioari eraginkortasunez aurre egiteko”, salatu dute.

Ildo horretatik, Pozuetak balioa eman dio EH Bilduko talde parlamentarioak Espainiako Gobernuarekin negoziatu zuen 3 milioi euroko zuzenketari. Pozuetak zuzenketa horren “garrantzia” azpimarratu du, “Pirinioetan hainbat instalazio sortu eta hobetzeko balioko baitu”. “Funtsezko urratsa da zonaldea ekonomikoki suspertzeko neurriak abian jartzeko”, esan du Pozuetak. “Pirinioetako herriak despopulatzen ari dira, eta zahartze-tasa handia da. Hori dela eta, premiazkoa da egoera horri aurre egiteko eta herritarren bizitza duintzeko politikak zehaztea”.

Halaber, Pozuetak Pirinioetako ordezkarien “kezka” jaso du, “Nekazaritza Politika Erkidea berriaren baldintzen inguruan, atzerapauso bat suposatzen duen eredu espekulatiboa ekarri baitu”. Horri dagokionez, EH Bilduko diputatuak “sektorearekiko konpromisoa” eta “nekazaritzarako laguntza horiek modu bidezkoagoan eskuratzeko lan egiteko asmoa” adierazi du.

Bestalde, Pozuetarekin izandako bileran, Pirinioetako ordezkariek gaitzetsi egin dute foru Gobernuak berriki jakinarazi duen Batxilergoan sartzeko araudi berria. Kritikatu duten bezala, “inguruko gazteentzat beste oztopo bat da, Batxilergoko ikasketak D ereduan jarraitzeko eskubidea zailtzen dielako”. Hala, berriro ere, Pirinioetako Mahaiak egin bezala, “eskualdean Batxilergoko euskarazko eskaerari erantzungo dion institutua eraikitzeko beharra” aldarrikatu dute. Bien bitartean, balioan jarri dute “hala nahi duten ikasleei Nafarroako Gobernuak bermatzea euren ikasketak euskaraz jarraitu ahal izateko aukera”, gaurkoan Nafarroako Parlamentuan, EH Bilduk proposatuta, eztabaidatuko den mozioarekin bat etorriz.

Bel Pozuetak Pirinioetako hainbat herritako hautetsiekin egindako honako bilera Nafarroako hainbat eskualdetako ordezkariekin legegintzaldiko bigarren urtea dela-eta diputatua egiten ari den kontaktu-txandaren barruan kokatzen da. Hala, Pozuetak berretsi egin du “Nafarroako herritarren bizi-baldintzak hobetuko dituzten politika zehatzak eta eraginkorrak bultzatzen jarraitzeko konpromiso sendoa”.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a