Bel Pozuetak, beste behin ere, Nafarroako herritarren artean bozketa bat egiteko premia defendatuko du Espainiako Kongresuan, Bardeako tiro poligonoaren etorkizuna "modurik bidezkoenean eta demokratikoenean" erabakitzeko.
Joan den apirilaren 21ean, Bardeako tiro poligonoa desegin eta ixteari buruz Margarita Robles Defentsa ministroari Madrilgo Kongresuan egindako interpelazioaren ostean, orain EH Bilduko diputatuak mozio bat aurkeztu du Osoko Bilkuran eztabaidatzeko, eta bertan proposatzen da “Nafarroan Bardeako tiro poligonoaren etorkizunari buruzko galdeketa edo erreferenduma egitea”.
"Nafarroa izaera intsumiso sakoneko lurraldea da, armadari eta gerrari beti ezetz esan izan diona, nafarrok bakearen eta bizikidetzaren balioen gainean eraikitako gizartea nahi dugulako. Hori dela eta, ezinbestekoa da Nafarroako zeruetako gerra soinuak amaitzea, eta Nafarroako herritarrek parkearen etorkizunari, eremuaren garapen estrategikoari eta Bardeako tiro poligonoari buruz erabaki dezaten", esan du Pozuetak gaur, Tuteran, Bardea Libreak elkartearekin egindako bileran.
Topaketa horretan, batera aztertu dira soluzio bat lortzeko bidean aurrera egiteko egin beharreko hurrengo urratsak, eta agerian geratu da "premiazkoa" dela Nafarroako Gobernuak "eskumenak bere gain hartzea eta eremu horretan ekonomia suspertzeko plan bat eskaintzea, ingurumen-, turismo- eta aisialdi-potentzial handia baitu”.
EH Bilduren iritziz, "instalazio militar bat izatea bateraezina da parke naturalari balioa ematearekin, lur horietako landare- eta animalia-habitat aberatsa babestearekin". Horregatik, koaliziotik beharrezkotzat jotzen dute "bai Nafarroako Gobernuak bai Espainiako Gobernuak herri horiei alternatibak eskaintzea, tiro poligonoa mantentzeagatik jasotako diruaren mende soilik egon ez daitezen; eta, era horretan, jasangarritasuna, ingurugiroa eta gizarte-beharrak errespetuz kudeatzen hastea". Ildo horretan, Pozuetak kritikatu duenez, "kide bakoitzak urtean jasotzen dituen 400.000 euroekin, borondateen erosketa argia eta nabarmena egiten ari da, herritarren ongizatearen eta eskualdearen garapenaren gainetik”.
EH Bilduk aurkeztutako mozioan, zeina Erriberako gizarte-mugimenduekin eta elkarteekin batera landu den, gogorarazten da Bardeako tiro poligonoa, 1951n Francoren diktadurak ireki zuena, Estatu espainiarreko tiro-eremu bakarra dela eta Europan hedadura handiena duena: 2.000 hektarea inguru, non NATOk azken hamarkadetako gerra nagusietan parte hartzea prestatu duen, Balkanetatik hasi eta Siriaraino.
Bilera Erriberako militantziarekin
Nafarroako diputatuak gaurko eguna aprobetxatu du Tuteran Erriberako EH Bilduko taldearekin biltzeko eta inguruko herriei eragiten dieten gaurkotasuneko gaiak jorratzeko. Besteak beste, Caparroso eta Noviercas-eko makroetxaldeez eta inguru horretan izango dituen eragin ekonomiko eta ingurumeneko larriez eztabaidatu dute.
Era berean, gogorarazi dute AP-68 autobidearen liberalizazioa egiteke dagoela, doakotasunerako eta zonaldean sarrerak eta irteerak ugaritu ahal izateko. Era berean, Erriberako EH Bilduko taldeak kezka agertu du inguruan energia berriztagarrien parkeak, zehazki, parke eolikoak eta eguzki-parkeak, ugaritzen ari direlako eta, ondorioz, horrek ingurumenean eta toki-erakundeen autonomian eragina izan dezakeelako. Bel Pozuetak, bere aldetik, adierazi du EH Bilduren talde parlamentarioa gaiaren gaineko jarraipen zehatza egiten ari dela, eta foru Gobernuari dagoeneko planteatu zaiola geldialdi bat egin behar dela plangintza jasangarri bat garatzeko. "Garrantzitsua da etorkizunean energia berriztagarriak bezalako sektore estrategiko batean aurrera egitea, arlo publikoaren gidaritzapean egon beharko duena, baina ingurumenarekiko errespetuarekin eta gure biodibertsitatea mehatxatu gabe", azpimarratu du.
Azkenik, uraren kudeaketaren gaia mahai gainean jarri da, eta Erriberako zenbait udalerritan Ebroko Konfederazio Hidrografikoak Moncayoko ura erabili ahal izateko ematen dituen baimenak oraindik ez direla gauzatu.