Bel Pozueta Nafarroako Kongresuko zerrendaburuak “esparru guztietan autogobernu handiagoa bultzatzeko beharra” nabarmendu du, eta “horixe izan da, hain zuzen ere, EH Bilduren lehentasunetako bat Madrilen”. “Urte hauetan egin dugun jarduera politiko osoak helburu argia du: pertsona guztiei eskubide guztiak bermatzea eta, horretarako, ezinbestekoa da Kongresutik Nafarroaren autogobernurako eta subiranotasun handiagorako abian jar ditzakegun tresna guztiak bultzatzea”, adierazi du.
Pozuetak balioa eman dio Nafarroari “subjektu politiko gisa”, eta nabarmendu duenez, “Nafarroaren eta bere herritarren erabakitzeko gaitasuna da gizartearen benetako arazoak konpontzeko politika zehatzak diseinatu, garatu eta aplikatzeko gure tresnarik onena”.
Kongresurako zerrendaburuak adierazi duenez, “EH Bilduk erakutsi egin du Nafarroako herritarrekiko konpromisoa bai eta akordioak lortzeko eta horiek betetzeko gaitasuna ere, eta horren adibide argiak dira trafiko eskumenaren transferentzia eta San Kristobal Gotorlekua oroimenerako leku izendatzea”. Hala, eskatu du “Estatuarekin adostu beharreko egutegi bat egitea, egiteke dauden eskumen guztien transferentzia-prozesua amaitzeko”.
Era berean, Pozuetak premia adierazi du “Hitzarmen Ekonomikoaren eduki batzuk birformulatzeko”, hala nola, “zeharkako zergako esparruak berreskuratzea, bost urteko ekarpenak negoziatzerako orduan Estatuaren esku geratzen den aldebakartasuna, 1,6 zenbakian finkatutako egozpen-indizea ezartzeko erabilitako parametroak, Estatuaren zor publikoa Nafarroari egozteko tratamendua, eta hori guztia, erabateko subiranotasun fiskala onartzearen kalterik gabe”.
Era berean, EH Bilduren zerrendaburuak “Foru Hobekuntza aldatzeko partaidetza-prozesu bat irekitzea” eskatu du. “Funtsezkoa da Nafarroako herritarrek beren estatus politikoa eta gainerako euskal lurraldeekiko eta Espainiako Estatuarekiko harremanen esparrua erabaki ahal izateko bideak ezartzea, erreforma hori Nafarroako herritarren oniritzipean jarriz. Espainiako Estatuarekin maila bereko harremana izatea ahalbidetzen duen estatusa”, aldarrikatu du.