EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak Carlos Gimeno Hezkuntza kontseilariari zuzendutako galdera bat erregistratu du, “2021-2022 ikasturterako onarpen-prozesuaren araudi berriak Nafarroako hainbat eskualdetako D ereduko ikasleei sortzen dizkien arazoak eta bidegabekeriak nola konponduko dituen jakiteko”.
Bakartxo Ruiz Hezkuntza Batzordean EH Bilduko bozeramaileak nabarmendu duenez, “Tafallatik, Zangozatik edo Pirinioetatik (Garralda, Erronkaritik eta Otsagabiatik) Iruñera joan behar duten D ereduko ikasleek konparaziozko bidegabekeria pairatuko dute, onarpen-prozesu berriaren eraginez”.
Ruizek ohar batean azaldu duenez, “ikasketak euskaraz egiten dituzten Tafallako eta Zangozako ikasleen kasuan, orain arte Batxilergoa egiteko puntuak lortzeko aukera zuten Iturrama institutuan, bertarainoko irisgarritasuna lineako autobusaren bidez bermatuta baitzuten”. Hala ere, ohartarazi du “ikasle horiek ez dutela atxikitako zentrorik hurbileneko ikastetxeetan, Iruñerrian”, eta, gainera, gaitzetsi du “araudi berriarekin, Iruñeko ikastetxeen eragin-eremuetan agertzen ez direnez, 0 puntu lortuko dutela eta, beraz, haien aurretik geratuko direla Iruñerriko ikasle guztiak, 4 edo 3 puntu lortuko dutenak, nahiz eta azken horiek beste ikastetxe bat bermatuta izan”.
Pirinioetako ikasleei dagokienez, Ruizek nabarmendu duenez, “orain arte aukera zuten izena ematen zuten ikastetxearen helbidea ikaslearen helbide gisa jartzeko, baina eskola-mapa berriak institutu atxiki bakarra izatea eragiten du, eta ezinen dute ikastetxea irisgarritasunaren arabera aukeratu”.
Era berean, Ruizek kritikatu du “beste disfuntzio batzuk ere agerian jarri direla araudi berri honekin, Arte Batxilergoan, esaterako”. “Nafarroan ikastetxe bakar batek eskaintzen du Arte Plastikoetako Batxilergoa D ereduan, Iturramako Institutuak hain zuzen, eta, orain arte, Nafarroa osoko ikasleei baimena ematen zitzaien ikastetxeko helbidea ikaslearen helbide gisa ager zedin, eta, beraz, guztiek aukera berberak zituzten onarpen-prozesuan; baina hemendik aurrera ez da horrelakorik gertatuko”, azaldu du. Eta gaineratu du “gauza bera gertatzen dela Barañaingo Alaitz Institutuko D ereduko Arte Eszenikoen Batxilergoarekin”. “Bi kasuetan, Iruñerritik kanpoko ikasleek 0 puntu izanen dute, eta Iruñerrikoek, aldiz, 3 puntu eta hori konparaziozko bidegabekeria larri bat da”, kritikatu du Ruizek.
Horregatik guztiagatik, Departamentuari irtenbide bat eskatu dio ikasle horiek diskriminaziorik jasan ez dezaten.