Albisteak

2019-10-01

Auzitegiak Euskararen Dekretuaz emandako epaia gogor salatu du EH Bilduk

Auzitegiak Euskararen Dekretuaz emandako epaia gogor salatu du EH Bilduk NAFARROA

EH Bilduren ustez, “Nafarroako Auzitegiak euskararen Foru Dekretuaren hainbat artikulu indargabetu izanak Nafarroako euskaldunen hizkuntza eskubideen ukazioa eta zapalkuntza dakar beste beste behin”. Bakartxo Ruiz bozeramaileak adierazi duenez, “nafar guztiona den hizkuntza gutxiesteko eta zokoratzeko sektore erreakzionarioen beste saiakera da honakoa, eta auzitegiak neurri batean ontzat eman du helegitea jarri zutenen helburua. Izan ere, Nafarroako eremu misto eta ez-euskaldunean euskara meritu gisa hartzeko dekretuak egiten zuen proposamena bertan behera utzi du”. “Sineskaitza da ingelera edota alemaniera bezalako hizkuntzak aintzat hartu ahal izatea eta nafarron hizkuntzari eta nafar euskaldunoi, ordea, muzin egitea” adierazi du.

Horrekin batera, Bakartxo Ruizen aburuz, “onartezina da urrats bat izan zitekeena, alegia, administrazioaren zerbitzu zentralek herritar guztiontzat egin beharreko jakinarazpen, inprimaki edo errotuluak elebitan argitara emateko betebeharra izatea herritar guztion eskubideak errespetatzeko, indargabetu izana”.

Amaitzeko, Ruizek adierazi duenez, “horrek guztiak agerian uzten du berriz ere Euskararen Legea aldatzeko beharra, EH Bilduk beti defendatu izan duen moduan. Zonifikazioak indarrean jarraitzen duen bitartean, ezinezkoa izanen da dekretu bidez nafar euskaldunon hizkuntza eskubideak bermatzea. Hori dela eta, hau da unea eztabaida hau berriz ere mahaigaineratzeko eta Nafarroako biztanle guztion hizkuntza eskubideak lege bidez babestu eta ziurtatzeko behingoz, bereizkeriarik gabe”.

Ildo honetan, datorren asteko osoko bilkuran Nafarroako Gobernuari galdetuko diogu zer iritzi duen Nafarroako Auzitegiaren erabakiaren inguruan eta helegiterik aurkezteko asmorik duen, bai eta nola bermatuko dituen nafar euskaldunon hizkuntza eskubideak ere, bizi diren tokian bizi direla.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a