EH Bilduk omenaldia egin die gaur, apirilak 14, frankismoak Nafarroan eragindako biktimei eta ekitaldi politikoa egin du Sartagudan, Euskal Errepublika aldarrikatzeko. “Egun hau ospatzen dugu askatasunaren eta justiziaren alde bizia eman zuen jendearen oinordeko politikotzat hartzen dugulako geure burua; eta, azken batean, balio errepublikano demokratikoengatik”, adierazi du Pernando Barrenak, Europako hauteskundeetarako EH Bilduren hautagaiak. “Langileen eta herri-klaseen interesen zerbitzura dagoen proiektua berdinen Euskal Errepublika da, eta ez diogu inoiz uko egingo aske izateari, ez herrialde gisa, ez pertsona gisa”.
Bere hitzartzean, Barrenak ohartarazi du “benetako inboluzio arriskua” dagoela eta “herstura sozialeko garaiak” datozela, “berriro ere”: “Armamentuan eta armadetan gehiago gastatu behar dela diote orain. Eta militarretan gastatzen dena, gizarte-gastuan, eskoletan, medikuetan... inbertitzeari utziko zaio”. Hori dela eta, Europari exijitu dio bere “jarrera militarista bertan behera uzteko eta Ukrainan eta Palestinan gerra amaitzeko bake-negoziazioen alde egiteko”.
“Testuinguru autoritario eta basati honetan hazten ari da eskuin muturra”, gogorarazi du, “eta subiranistek, euskal errepublikazaleok gelditzeko erronka dugu. Uste dut beti eta bereziki Nafarroan eta Madrilen frogatu dugula ultraeskuindarrak gelditzeko bermea garela”.
Sartagudako EH Bilduko zinegotziek, bere aldetik, 1936. urtean eraildako 86 bizilagunak izan dituzte gogoan, alargunen herriko hilerriko panteoiaren aurrean: “Eustaquio Mangado alkatearen eta 36an eraildako zinegotzien proiektuarekin eta justizia sozialaren balioekin jarraitzeko konpromisoa dugu, beti zaurgarrienen alde agertu baitziren eta udal-politikatik bizilagunek jasaten zituzten bidegabekeriei aurre egin baitzieten”.
Era berean, Palestinako herriari, bakeari eta subiranotasunari elkartasuna adierazi diete. “Gernikako seme-alabek eta Sartagudako alargunen bilobek badakigu zer diren zigor kolektiboak”, baieztatu dute.