Albisteak

2020-11-10

Asironen herentziari esker Iruñeak 135 milioi euroko 29 proiektu aurkeztu ditu Europako funtsak eskuratzeko

Asironen herentziari esker Iruñeak 135 milioi euroko 29 proiektu aurkeztu ditu Europako funtsak eskuratzeko IRUÑEA

EH Bilduk proposatu du Covidaren krisiari aurre egiteko izaera sozialeko proiektu berriak aurkeztea eta proiektu horiek Nafarroako Gobernuari bidalitako zerrenda horri gehitzea

 

Iruñeko Udalak gaur bertan ezagutzera eman duen Berreskuratze eta Erresilentzia Plana hain denbora murritzean egitea posible izan da Joseba Asironen gobernuak utzitako herentziari esker. Hala baieztatu du Iruñeko Udaleko EH Bilduren taldeak eta esan du proposamena prestatzeaz arduratu den Bulego Estrategikoa bera edo proposamenaren proiektu nagusienak aurreko legealdian hasitako proiektuak direla (esaterako Aranzadi eta Txantrea Hegoaldeko parkeen bigarren fasea, Ikus-entzunezko Hub edo udal-etxebizitzen parkea birgaitzea gizarte-larrialdietarako etxebizitza gisa erabiltzeko). Guztira 135,1 milioi euroko aurrekontua du Nafar Gobernuari bidalitako proposamenak, eta Europar Batasuneko funtsekin finantzatzea du helburu. "Denbora errekorrean, aurreko legealdian egindako plangintza-lanari esker eta aldaketaren Gobernuak sortutako egituraren eraginkortasunari esker, Iruñeak pandemiari aurre egiteko Europako berreraikuntzako funtsak eskuratzeko aukera izan dezake, eta hala izatea espero dugu” laburbildu du EH Bilduk.

Iruñeko Udalaren Bulego Estrategikoak egindako Berreskuratze eta Erresilentzia Planaren lau ardatzen baitan, Tokiko Administrazioari dagokion esparruan, EH Bilduk Smart Cityren estrategia nabarmendu du Aldaketaren Gobernuaren ekarpen nagusi gisa. Estrategia horretan sartzen dira, besteak beste, smart security (milioi 1), udal-administrazioaren digitalizazioa (milioi 1) edo Administrazioen artean datu publikoak trukatzeko plataforma (milioi 1).

Trantsizio energetikoari dagokionez, Aldaketaren gobernuko legegintzaldian sustatutako proiektu nagusiak honako hauek dira: bizitegi-larrialdietarako etxebizitzen birgaitze energetikorako eskatuko diren 30 milioiak; ikastetxeetan autokontsumoa bultzatzeko 15 milioiak (Doña Mayor ikastetxea izan zen lehena); eremu kalteberak birgaitzeko laguntzak handitzeko eskatutako 28 milioiak (Sarrigurengo errepidea, San Migueleko kolonia edo Arrosadiako PEAUa); Haur Eskolak egokitzen jarraitzeko 3,5 milioiak edo bi milioiak disuasio-aparkalekuen lanarekin jarraitzeko 2 milioiak, Trinitarioseko aparkalekua izan baitzen proiektu horren hasiera puntua.

"Pamplona berde eta jasangarria" izeneko ardatzean, Joseba Asironen gobernuaren proiektu garrantzitsuenetako zenbait daude, hala nola Txantreako hegoaldeko parkea (4 milioi) eta Arantzadiko parkearen bigarren fasea (3,5 milioi), Manuel de Falla-Río IRATI ardatzaren berrurbanizazio eta peatonalizazioa,  Milagrosarako Plan Berezia (3.5 milioi) eta eskualdeko udalerriekin lotura hobetzeko bizikleta-ardatzen jarraipena (2 milioi), zeina joan den legegintzaldian, Pio XIIko eta Txantreako korridoreekin hasi zen. Azkenik, “Iruñea kulturarekin” estrategiaren barruan ikusentzunezko Hub-aren bultzadak (4 milioi) Asironen gobernuaren proposamenen zerrenda osatzen du.

Izaera sozialeko proiektu berriak bultzatu behar dira

Udaleko Bulego Estrategikoaren Berreskuratze eta Erresilientzia Planaren balorazio positiboa izan arren, EH Bilduk plan honen kudeaketaren bi elementu kritikatu ditu. Lehenik eta behin, ez dagoela izaera sozialeko proiektu espezifikorik, Udalak Covidaren krisiaren ondorioz okerren daudenei laguntzeko estrategia eraginkor bat osatu ahal izateko. "Orain dela lau urte martxan jarri genuen etxebizitza larrialdietarako programatik edo birgaitzerako laguntzetatik haratago, ez dugu tresna espezifikorik ikusten familia ahulenei, auzo behartsuenei edo Covidaren ondorioz eratorritako krisi ekonomikoa gehien pairatzen ari diren sektoreei laguntzeko, eta hori zuzendu beharra dago", adierazi du koalizio subiranistak.

EH Bilduk kritikatu duen bigarren elementua oposizioko taldeei parte hartzeko aukerarik eman ez izana da. "Aldez aurretik abisatu gabe eta oposizioko indarrei parte hartzeko aukerarik eman gabe dokumentu itxi bat aurkeztu du udal gobernuak, eta dagoeneko tramitatu dute Nafarroako Gobernuarekin".

"Horrek berriz ere erakutsi du Enrique Mayaren taldearen lan egiteko modu alde bakarrekoa eta inposatzailea. Besteen lanaz baliatzen dira baina hiriaren gehiengoa ordezkatzen dugun alderdioi parte hartzeko aukera ukatzen digu”, adierazi du koalizioak. "Ahalik eta adostasun-maila handiena izan beharko luketen hiri-proiektuak dira horiek", baina adostasunak bilatzea ez dago Navarra Sumaren DNAren baitan.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a