Lausanneko (Suitza) alkateordeak eta Iruñeko alkategai abertzaleak topaketa bat egin dute esperientziak partekatzeko
Gobernantza, demokrazia parte-hartzailea eta herritarren partaidetza modu berrien azterketa eta hauek Iruñeko Udalean txertatzeko modua izan da Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeko alkategaiak eta David Payot Lausanneko (Suitza) alkateordeak gaur izan duten hitzaldiaren ardatz nagusia. Suitzako hiriak esperientzia handia du aurrekontu parte-hartzaileen diseinuan, eta mundu mailan erreferentziala da gobernantza-eredu berriei dagokienez.
Ekitaldian, Asironek EH Bilduk hauteskunde-programan gaiaren inguruan aurkeztutako proposamen batzuen ebaluazioa eskatu dio Payoti. Besteak beste, Bizikidetzarako eta Memoria Demokratikorako Batzorde bat sortzea, udal-lana fiskalizatzeko Herritarren Behatoki bat bultzatzea edo Administrazioaren Mapa bat sortzea, herritarrek hobeto uler dezaten nola funtzionatzen duen. Parte hartzeko Ordenantzaren garapena, auzo-foroen sendotzea, zentro komunitarioen aldeko apustua eta Udaltzaingoan hurbiltasun-ereduaren ezarpena ere izan dira landutako beste gai batzuk. Payotek programaren planteamenduak babestu ditu, eta nabarmendu du herritarrei entzutea erakunde demokratikoak indartzeko ezinbesteko modu bat dela.
Bilera bi agintarien arteko elkarrizketa gisa antolatu da, eta Asiron izan da anfitrioi. Hautagai abertzaleak udalek bultzatu beharreko parte-hartze tresna, formula eta metodoez galdetu du; Payotek Madrilgo Aurrekontu Parte-hartzaileen diseinuan duen lankidetzaz; Auzo Kontseiluei buruz duen iritziaz edo, bere ustez, Parte-hartze Prozesu batek arrakasta izateko izan behar dituen ezaugarriez. Lausanneko alkateordeak ideia orokor gisa defendatu du demokrazia ez dela soilik hauteskundeetara mugatzen, ez ekimenetara, ezta erreferendumetara ere. Demokrazia benetan ematen da gizarteari hitza ematen diogunean eztabaidatzeko eta erabakitzeko aukera izan dezan.
Bi agintariek bat egin dute bidali beharreko mezuan: Interes handiko gobernantza-eredu demokratikoak daude, eta herritarrek protagonismo berezia dute horietan. Era berean, gizarte antolatuak zerbitzu publikoak diseinatzeko eta kontrolatzeko duen balioa nabarmendu beharko litzateke, bai eta gizarte-zaintzako zereginetan parte hartzeko ere.