Albisteak

2019-04-11

Asiron: "EH Bildu da aldaketaren erdiko karrila" [BIDEOA]

Asiron: "EH Bildu da aldaketaren erdiko karrila" [BIDEOA] IRUÑEA

Joseba Asiron Iruñeko alkateari elkarrizketa egin diote Euskalerria Irratian. Bere esanetan, "hasieratik konpromisoz lan egin da eta askotan tokatu zaigu eskuzabaltasunez erdibideak bilatzea aldaketaren indar ezberdinen artean"

​Eskuin mediatikoak eta politikoak diotenaren aurka, Joseba Asiron alkateak Iruñeko jendartea lasai dakusa, Euskalerria Irratiari bere bulegoan eskaini dion elkarrizketan azaldu duenez: "Iruindarrek hasieratik normaltasunez eta lasaitasunez hartu dute aldaketa, UPNk eta PSNk kaosa iragarri bazuten ere. Legealdiko irakaspen nagusia hori da, gauzak beste modu zintzo eta jator batean egin daitezkeela". Asiron kontent azaldu da azken lau urteotan egindako lanarekin: "Legealdiaren balorazioa oso ona da. Zorra murriztu dugu eta gastu soziala %40 handitu. Parte hartzean, euskararen alorrean aurrerapauso handiak eman ditugu. Berdintasunean eta memorian aitzindariak gara Estatuan".

Halaber, Asironek argi dauka, aldaketak aurrera eginen badu, lau indarron adostasunarekin izanen da: "Guztiok ikasi behar dugu egindako akatsetatik, aldaketarekin segitzeko. Datozen hauteskundeetan IEren eta Aranzadiren esparru soziopolitikoa oso garrantzitsua izanen da aldaketarako". Nolanahi ere, Asironen irudikoz, maiatzeko hauteskundeetan aldaketa beste behin ere gaildenduko da: "Konbentzituta nago duela lau urte aldaketaren alde egin zuen jendeak berriro eginen duela. Erakundeetako aldaketa aldaketa soziologiko sakon baten ondorioa izan da".

Era berean, oposizioa noraezean dakusa. PSN, behin eta berriz UPNrekin lerraturik. Eta UPNk bultzaturiko koalizioa, kontraesanez josia: "Navarra Suman elkartu direnek ez dute proiektu politiko komunik. Boterea berreskuratzeko nahiak, horrek soilik batzen ditu".

 

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a