“Aldaketaren batuketa ez bada 14 zinegotzira iristen, lehen indarrak lortuko du Gobernua. Boto bakoitza erabakigarria izango da eta boto hori zurea izan daiteke”. Mezu horrekin bildu du Joseba Asironek, Iruñeko alkatetza berresteko EH Bilduren hautagaiak, igande honetan hautestontziak bozkak betetzearen garrantzia, alkatetza lortzeko definituta dagoen banaketa formularen aurrean, aldaketa mantendu ahal izateko. Izan ere, egungo araudiaren arabera, indar batek ez baldin badu inbestidura bozketan gehiengo absolutua lortzen, zerrenda bozkatuenak lortzen du automatikoki gobernua, nahiz eta babes gutxiago izan. Horregatik, gazteriari zuzenduriko ekitaldian eta Zaldi Zurian gazteekin batera egin duen agerraldian, alkatea zuzena izan da: “igandean bozka bakoitza erabakigarria izango da”.
“Horregatik garrantzitsua da baita ere aldaketaren botoaren sakabanaketa ekiditea, sakabanaketa eskuinari bidea irekitzen diolako”, adierazi du alkatetza berresteko hautagaiak. Halaber, Joseba Asironek parte hartzera deia egin du eta hautestontziak koalizioaren aldeko bozkekin betetzera, “gaur Iruñean ezkerreko alkatetza bat izateko berme bakarra EH Bildu bozkatzea delako”.
Ekipo prebentibo berriak, gazteentzako lokalak eta emantzipaziorako bulegoa
Koalizioak gazteriaren eremuan datorren legegintzaldirako dituen proposamenei dagokionez, Joseba Asironek lau nabarmendu ditu: batetik haur eta gazte sarea indartzeko konpromisoa, ekipo prebentiboak Zabalgunera, Donibanera, Ermitagainara, Iturramara eta Lezkairura zabalduz; bigarrenik, Gazteriaren Mahai Sektorialak bultzatu, aisialdirako gazteek behar dituzten espazio alternatiboetan indarra eginez; hirugarrenik, autogestionatutako edo kogestionatutako gazte lokalen sare bat sustatu auzo guztietan; eta bukatzeko, Gazteriaren Emantzipaziorako Bulegoa ireki, enpleguari, formakuntzari eta etxebizitzari loturik; eta zentzu horretan, ‘Gazteria’ programa sustatu, auzoetan gazteen errotze eta emantzipaziorako 150 etxebizitza komunitarioren promozioa aurreikusten duena, promozio publikoaren edo kudeaketa kooperatiboaren bidez.