“Egungo politiken baitan egongo da Iruñearen etorkizuna, guztion bizikidetzan eta gizarteratzean oinarritu behar dena”
“Elkar ezagutuz eta aitortuz, gizarte-kohesioa eta kulturen arteko bizikidetza bilatzen duten politikak artikulatzea lehentasunezkoa izan behar da Udalarentzat”. Joseba Asironek, EH Bilduren Iruñeko alkategaiak, gaur defendatu duenez, “kultur aniztasuna kudeatzeko politiken baitan egongo da Iruñearen etorkizuna ere, herritar guztien bizikidetzan eta gizarteratzean oinarrituta egongo den etorkizuna”.
Alderdi subiranistak defendatzen du “azken urteotan Iruñean ematen ari den aniztasun kulturalak aukera handiak jartzen dituela mahai gainean, baina baita erronka handiak ere. Hori dela eta, funtsezkoa da kulturartekotasunaren eta arrazakeriaren aurkako ikuspegia sartzea udal agendan, bi diskurtsoak gure politiken ardatz eta ezaugarri izan daitezen”.
Asmo horrekin, bost proposamen nagusi bultzatuko dira. Lehenik eta behin, “mezu positiboak zabaltzeko lana egingo dugu, buloen aurkakoak eta bideari ekingo diogu, Iruñea harrera hiria izan dadin. Aniztasuna errespetatzea eta sustatzea nahi dugu, guztiontzako irekita egon behar duen hiri honetan”. Bigarrenik, “Kultur Aniztasunerako eta Bizikidetzarako Udal Plan Estrategikoa jarriko dugu abian, eta kultura-aniztasuna kudeatzeko zerbitzu bat sortuko dugu”.
Nafarroako Gobernuarekin eta Nafarroako Udal eta Kontzejuen Federazioarekin elkarlanean, EH Bilduk “erroldatzea errazteko irizpide uniformeak orokorki ezartzea planteatu du”. Hori bai, “Udaletik ongietorri protokolo bat sortuko dugu lehen erroldatzearekin, laguntza eta jarraipen zerbitzuak administrazio, lan, hezkuntza eta osasun baliabideetan integratzeko bideratuko dituena”, azaldu du Asironek.
“Modu berean, Arrazakeriaren Aurkako Udal Protokolo bat sortuko dugu, aniztasunarekiko eta kultura aniztasunarekiko konpromiso irmoa izango duena eta diskurtso eta politika arrazista edo xenofoboen aurkako jarrera publikoa izango duena, mezu positiboak zabalduz”, azaldu du hautagai abertzaleak.