“Bada garaia etorkizun berdearen aldeko benetako apostua egiteko eta belaunaldi berriei zor diegun ondarea zaindu eta hobetzeko lan egiteko”
“Hiriok zeregin handia dugu klima-aldaketari aurre egiteko eta hiri jasangarri, atsegin eta erresiliente eredu berri bat sortzeko”, Joseba Asiron EH Bilduren Iruñeko alkategaiak defendatzen duenez. “Konbentzimendua, ildo estrategikoak eta inplementatu beharreko ekintza ugari baino ez dira behar, eta hori guztia da EH Bilduk eskaintzen duena. Hiru ekintza nagusi hauek gorpuztuko dute EH Bilduren agintaldia: berdeguneak handitzea, Arantzadi eta Txantreako Hegoaldeko ekoparkeak amaitzea eta energia aurreztearen aldeko apustua.
Berdeguneei dagokienez, Asironek zin egin du “datorren legegintzaldian 25.000 zuhaitz eta zuhaixka berri landatuko ditugula berdeguneetan, parkeetan eta eremu naturaletan, bero-uharteen fenomenoari aurre egiteko eta biodibertsitate handiagoa ekartzeko”. ”Iruña baso-hiri batean bihurtzea da helburua”, azaltzen zuen. Bestalde, Arantzadiko Ekoparkearen bigarren fasean, “Sotoko Baratzetan nekazaritza ekologikoko enpresen haztegi bat egongo da”; Arraiza Etxean artistak bizi diren arte, zientzia eta natura bat izango dituen espazio bat; eta haurrentzako jolasgune natural bat”. Txantreako hegoaldeko parkearen bigarren faseari dagokionez, “hiri-baratze komunitarioak, belardia eta zuhaitz gehiago bultzatuko ditugu”.
Hirugarren lan lerroa energia aurreztearen aldeko apustua da. Honetan, funtsezko hiru tresna sartzen dira: “auzo guztietan eta errenta baxueneko familien etxebizitzak birgaitzeko laguntzak ahalik eta gehien handitzea; auzokideen partaidetza duten energia-komunitateak bultzatzea eta auzoetatik aktiboki lan egingo duten Birgaitze eta Energia Berderako Bulegoak sortzea. Azken hauen helburua herritarrei aurrezpenean, energia-eraginkortasunean eta energia berriztagarrien ezarpenean laguntzea izango da”, Asironek azaldu duenez.
“Bada garaia etorkizun berdearen aldeko benetako apustua egiteko; gizarte eta erakunde gisa belaunaldi berriei zor diegun ondarea zaintzen eta hobetzen kontzientziatzeko eta inplikatzeko. Nahikoa da postureoez eta erdizkako konpromisoez. EH Bilduk konpromiso horien bandera egingo du, Iruñea klima-aldaketaren aurkako borrokan abangoardiako erreferente gisa kokatzea lortu arte; eta legegintzaldi honetan egingo dugu ahu”, adierazi du.