Aurtengo maiatzeko udal hauteskundeetarako Uharteko Udalerako bere zerrendaburua aurkeztu du EH Bilduk; Alfredo Arruiz Sotes egungo alkateak, hain zuzen, errepikatuko du alkategai gisa. Aurkezpen-ekitaldia igande honetan egin da, otsailaren 26an, eguerdian, Uharteko San Juan plazan, eta bertan, Arruiz bera ez ezik, EH Bilduren Nafarroako Gobernuko Presidentetzarako Laura Aznal ere izan da. Alderdi politikoko hainbat kargu ere izan dira, baita dozenaka lagun ere.
Arruizek adierazi duenez, “ilusiozko eguna da, Uharterako ditugun taldeaz eta proiektuaz harro egoteko eguna”, eta ziurtatu du “indartsu eta gogoz” sentitzen dela “ilusioz betetako proiektu baten buru izaten jarraitzeko, Uharte hobea lortzeko lanean jarraitzeko”. “Legegintzaldi honetan erronka handiak izan ditugu: pandemia bat bizi izan dugu eta urte askotako uholderik handienak jasan ditugu, baina EH Bilduko giza taldeak arazoei aurre egiten jakin du, eta pertsonengan jarri du arreta. Herri langilea eta konprometitua garelako eta egoera zailetan aurrera egiten ohituta gaudelako”, defendatu du hautagaiak.
Ildo horretatik, Arruizek “gure subiranotasuna eta pertsonen eskubide sozialekin konpromisoa” berretsi du. “Lidergo partekatuaren eta komunitate sendoen unea da, egungo egoerari aurre egiteko eta krisi energetikoak urratu ez dezan pertsona guztiek duintasunez bizitzeko duten eskubidea”, nabarmendu du. Hala, iragarri duenez, “pertsona eta kolektibo zaurgarrienen babesa” izanen da EH Bildu Uharteren hurrengo legegintzaldirako ildo nagusietakoa.
Bestalde, Laura Aznalek eskerrak eman dizkio Arruizi berari, “berriro ere Uharteko herriarekin eta EH Bilduren proiektuarekin adierazitako konpromisoagatik”. Hala, balioa eman dio “Uharteko Udalean 2015. urtean zabaldu zen garai berriari, hainbeste urtez eta hainbeste jenderen lanari esker lortu zena”.
Aznalek aitortu duenez, “ez da erraza izan: eskuinaren herentzia pozoituei aurre egin behar izan diezue, herrian utzi zituzten hipoteka eta xahutzeei. Baina, EH Bildu Uharteren lan handiari esker, gobernatzeko hainbat modu dagoela frogatu da”. Nafarroako presidentegaiak bere hitzaldia amaitzeko, Arruizen eta EH Bilduren “jarrera, indarra eta gaitasuna” nabarmendu ditu “Uharten eta Nafarroan aurrera egiteko”.