Geroa Bai, Contigo Zurekin eta PSN taldeekin gaur goizean sinatutako eta 2025eko Iruñeko aurrekontuen onarpena bermatuko duen akordio politikoa goraipatu du EH Bilduren udal taldeak. “Urrats oso garrantzitsua da Iruñearentzat, egonkortasuna ematen baitio gobernuari, eta erakusten baitu politika publikoen aldeko apustu argia egiten dugula eskubide sozialetan, trantsizio energetikoan, merkataritzan, kulturan, kirolean, bizikidetzan eta etxebizitza ekonomikoan”. Koalizio soberanistak dio itunak sendotu egiten duela urtarriletik hona egindako lana, eta berretsi egiten duela 2023ko abenduan aldaketa politikoa babestu zuten indarren arteko akordio politikoa.
Iruñeko Udalaren 2025erako aurrekontu proiektua, 287,6 milioi eurokoa, %7,7 hazi da aurreko ekitaldiarekin alderatuta. Hala, hiriaren historiako zifrarik altuena izango du, 2007an onartutako 270 milioiak gaindituz. Aurrekontare %40 gastu sozialera bideratuko da, eta 37,9 milioi euroko inbertsioak aurreikusten dira. Ezker subiranistak azaldu duenez, akordioak hiriaren etorkizuna definituko duten proiektu handiak garatzea ahalbidetuko du: "Akordio hau Iruñeko herritar guztientzat etorkizun hobea eta inklusiboagoa eraikitzeko konpromisoa da". Hori dela eta, udal taldeak bere eskerrik beroenak eman nahi izan dizkio aurrekontu akordioa sinatu duten udal taldeei izan duten “inplikazioagatik, konpromisoagatik eta erantzukizunagatik”.
Arlo ekonomiko hutsetik harago, akordioak konpromiso politikoak biltzen ditu irisgarritasunean edota kulturan, zeinetan plan estrategiko bat egitea proposatu den. “Akordio integral bat da, hirigintzatik eta etxebizitzatik trantsizio ekologikora, kulturara eta gizarte-ekintzara bitarteko neurriak hartzen dituena. Ikuspegi horrek hiriaren ikuspegi orokorra ez ezik, Udalaren beraren ikuspegia ere erakusten du”.
Akordioaren arabera, 4 milioi euro gordeko dira PSNk egingo dituen zuzenketetarako, eta gobernu-taldeak horiek gauzatzeko konpromisoa hartu du. Bestalde, PSNk aurrekontu proiektuaren eta erantsitako plantilla organikoaren aurka aurkez daitezkeen osoko zuzenketen aurka bozkatzera konprometitu da, baita bi dokumentuen onarpena erraztera ere. Aurrekontua azaroaren 28an onartzea aurreikusten da, eta helburua da urte hasierarekin batera indarrean sartzea.