Albisteak

2023-04-23

“AHTren aurrean alternatibak badaudela” berretsi du Laura Aznalek

“AHTren aurrean alternatibak badaudela” berretsi du Laura Aznalek NAFARROA

Nafarroako Parlamenturako hautagai subiranistak EH Bilduren Altsasuko hautagaitzaren aurkezpenean parte hartu du igande honetan eta AHTa defendatzen jarraitzearen “arduragabekeria” kritikatu du

Laura Aznalek, EH Bilduren Nafarroako presidentegaiak, AHTren egungo planaren aurkako jarrera irmoa adierazi du, “iraganeko proiektua delako”, eta berretsi du “badaudela alternatibak”.

Hala adierazi du Aznalek EH Bilduk Altsasun egin duen ekitaldi politikoan. Bertan jakitera eman dute Altsasuko Alkatetzarako zerrendaburua Anize Ibargutxi Iparragirre izanen dela hurrengo udal hauteskundeetan. Hautagaia irakaslea da eta euskararen, eskubide sozialen eta feminismoaren aldeko ekimenetan parte hartu du. Gainera, alderdi soberanistak egoitza berria inauguratu du Altsasun, Sakanako bilkideentzat topagune izanen dena. Ekitaldia igande eguerdian izan da, Altsasuko Foruen plazan, eta bertan presidentegaiak berak, Bel Pozueta diputatuak eta herriko alkategaiak hartu dute hitza.

Aznalek bere hitzartzean nabarmendu duenez, “gero eta gehiago dira AHT gelditzeko eskatzen duten ahotsak, besteak beste, kolektibo sozial, politiko eta sindikalak; eta lurralde ezberdinetako errealitate sozial eta ekonomikoa aztertzen duten erakunde ofizial askoren babesa duen aldarrikapena da”. Azpimarratu duenez, “zaharkituta dagoen proiektua da, argi eta garbi, gizartearen, ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegitik.

Hala, EH Bilduko hautagaiak adierazi du “Frantziako Estatuak AHTren konexioa 2042ra arte atzeratzeko asmoak agerian uzten duela, are gehiago, inondik ez eta inora ez doan proiektu baten aurrean gaudela”. Egoera honetan, “oso arduragabea da zenbait alderdi politikok proiektu hau defendatzen jarraitzea”, kritikatu du Aznalek.

Ildo horretan, “AHTren alternatibak badaudela” berretsi du. “EH Bildutik tren sozial bat bultzatzeko beharra aldarrikatzen dugu, hau da, egungo trazadura hobetzea eta mantentzea. Edonorentzat eskuragarri egonen den eta eremurik abandonatuta utziko ez duen tren sozialaren eredua. Lurraldea benetan egituratuko duen tren bat bultzatzearen aldeko apustua egiten dugu, geografikoki eta sozialki Nafarroa osoa kohesionatuko duena, bereziki Sakana bezalako zonaldeak, eta herritar guztien eskura egongo den zerbitzua eskainiko duena”, defendatu du Aznalek.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a