EH Bildu Nafarroak Manu Ayerdi Garapen Ekonomikorako kontseilariaren premiazko agerraldia eskatu du, "Agoizko Siemens Gamesa enpresaren deslokalizazioa saihesteko eta, horrela, bertan lan egiten duten 239 pertsonen lanpostuak mantentzeko zer neurri abian jarriko duen” azal dezan.
Agoizko lantegiaren itxieraren bat-bateko albistea "kolpe gogorra izan da enpresako langileentzat bai eta Agoizko bizilagunentzat eta bertako ekonomiarentzat ere". EH Bilduren ustez, "lehentasunezkoa da lantegiko 239 lanpostuak bermatzeko irtenbide bat ematea; izan ere, sektore eolikoan oinarritutako jarduera horrek goranzko joera dauka Nafarroan une honetan".
EH Bilduk gaitzetsi egin du enpresak Agoitzen duen lantegia ixteko erabakia "enpresa bideragarria baita, irabazi handiak baititu, Nafarroan nahiko zigortuta dagoen eremu batean errotuta dago, eta azken urteotan laguntza ekonomiko handiak jaso dituelako Nafarroako Gobernutik".
Ildo horretan, EH Bildu Nafarroak ekainaren hasieran Foru Lege Proposamena aurkeztu zuen "horrelako enpresa deslokalizazioak saihesteko". Hala, koalizio subiranistak ekimen hori onartzearen "garrantzia eta premia" azpimarratu du; izan ere, "une honetan are garrantzitsuagoa da deslokalizazioei aurre egiteko mekanismo legalak abiaraztea eta, horrela, pertsona askoren lanpostuen galera saihestea".
Halaber, EH Bilduk galdera idatzi bat erregistratu du, "azken hamar urteetan Siemens Gamesa enpresak Agoizko aerosorgailuen pala plantara bideratutako inbertsioengatik jaso dituen laguntzak eta diru-laguntzak" zein "onura fiskalak eta sozietateen gaineko zergaren aitorpenetan aplikatu duen zenbatekoa" ezagutzeko.