Nafarroako EH Bildu Talde Parlamentarioak mozio bat erregistratu du, eta, horren arabera, bi hilabeteko epean defizit muga Nafarroako BPGaren %0,2an handitzeko balioko duen araudi "egokiena" igortzeko eskatu dio Nafarroako Gobernuari. Era berean, EH Bilduk Gobernua premiatu du 40,5 milioi euro inguruko inbertsioen Ezohiko Plan bat aurkeztera, %0,2ko igoera horrek dakarrena alegia, berriki onartu den Nafarroako 2020rako Aurrekontu Orokorren Legeari gehitzeko.
EH Bilduk aurkeztutako mozioaren arabera, Aparteko Plan horretan sartu beharreko inbertsioak "funtsezko zerbitzu publikoak eta errepideetako azpiegiturak hobetzera bideratuko dira, osasun, hezkuntza, kirol edo gizarte arlokoak, enplegua sortzeko zuzeneko eragina dutenak, Nafarroako herritarren bizi-kalitatea eta lehiakortasuna hobetzeko helburuarekin".
EH Bilduk gogorarazi duenez, "Nafarroako Aurrekontuen Proiektuan kontuan hartu zen aurrekontu-egonkortasunaren helburua, 2020ko ekitaldiarekiko, 0,0 izan zen Nafarroako BPGaren portzentajearekiko". Hala ere, "Ministroen Kontseiluak, pasa den otsailaren 11n, autonomia erkidegoen defizitaren helburua %0,2an ezarri zuen, aurrekontuen egonkortasunaren eta zor publikoaren helburuak egokitzeko akordioaren bidez", gaineratu du EH Bilduk.
Zentzu horretan, EH Bilduren ustez, "beharrezkoa eta onuragarria da defizitaren muga malgutu izana baliatzea Nafarroak aspaldidanik dituen, eta aurrekontuetan sartu ez diren, beharrei erantzuteko, batez ere mota guztietako azpiegituretarako inbertsioak (garraioa, hezkuntza, osasuna, kirola…)".