Albisteak

2024-12-03

2024ko Nafarroaren Eguneko adierazpena

2024ko Nafarroaren Eguneko adierazpena NAFARROA

Nafarroa, lur handi eta azkar, beti leial, honen eguna da gaur. Abenduaren 3a. Bizitakoa gogoratuz, oraina aztertu eta etorkizuna amesteko eguna.

Zure ospea da antzinako lege zaharra dio Nafarroako Gorteetako kideak batzarretara zihoazenean Iruñeko katedraleko klaustroan entzuten zen doinua duen ereserkiak. Horra, gure foraltasuna, gure subiranotasun galduaren aztarna. Ase gabeko grina izan dira guretzat Foru Hobekuntza eta ondoriozko erakundeak; baina herri honek bere etorkizunaren jabe izateko eta egitura propioz hornitzeko duen irrikaren adierazgarri garbia dira. Euskal lurralde guztien instituzionalizazio prozesu baten eta kultura propio baten hondarra.

Gure hizkuntza, euskara, Nafarroaren eta nafar nortasunaren elementu zentrala baita. Ikusi nahi edo ez, gure lurraldea anitza baita.

Nafarroa pertsona askatuen sorlekua izatea nahi dugu, pertsona askeen bizilekua. Beraz, ezinbestekoa da hemen bizi eta lan egiten dugun ororentzat gizarte eredu justua eraikitzeko tresnak erdiestea, banaketarik gabe benetan aniztasuna aberastasuntzat hartu dezagun eta herritarren premiei erantzuteko gai izan gaitezen.

Horregatik, zuri nahi dizugu gaur eta bihar kanta. Nafarroa subjektu politiko propioa delako, nafar jendarteak amestu, erabaki eta eraiki behar duelako Nafarroa.

Beraz, gaiten denok bat, erakuts dezagun denok gogo bat. Autoritarismorantz eta eskuin-muturrerantz doan mundu honetan, gure errealitate propiotik aurrera egiteko, gure errealitate sozial, kultural eta ekonomikotik etorkizuneko erronka handiei erantzun ahal izateko.

Finean, behin betiko erabaki dezagun nolakoak nahi ditugun gure bizitza eta etorkizuna. Horretarako, gaur egunera ekarri behar dugu foraltasuna eta autogobernua eta subiranotasun handiagoa eskuratu behar ditugu, Nafarroako herritarren borondatea eta gaitasuna aitortuz eta errespetatuz, inoren esku-sartzerik, trabarik edo inposaketarik gabe.

500 urtez goiti kanpotik hartu diren erabakien mende egon ondoren, tresna propio eta gaitasun grinez, burujabetza gosez Nafarroak zutik dirau.

 

 
Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a