Nafarroako Gobernuak eta Gobernu Zentralak Segurtasun Batzordean atzo lortutako akordioaren berri eman ondoren, EH Bildu Nafarroak defendatzen du Foruzaingoak segurtasun publikoaren kudeaketaren eskumenak bere gain hartzea, esklusibotasun eredu bat zeinak Estatuko Segurtasun Indar eta Kidegoen menpekotasun eredua gaindituko duen.
Hori dela eta, EH Bildu Nafarroak kritikatu egiten du polizia ezberdinak espazio geografiko berean batera egotea lan berdinak egiten. Horrek, gainera, eragiten du Nafarroak Europako biztanleko polizia-ratio altuenetako bat izatea, bizi garen gizartearentzat proportziorik gabeko kopurua. Hori dela eta, Foruzaingoko kideen kopurua handitzearen iragarpenak FCSEkoena ere gutxitu beharko luke.
Aitzitik, iragarritako akordioaren arabera, “Larrialdietarako plataforma bakarra” sortzen bada, Foruzaingoak segurtasun publikoaren lana bere gain hartu beharrean, FCSEk aktibatu ahal izango dira. Izan ere, Foruzaingoaren Aginte eta Koordinazio Zentroak ez ditu jasoko 112 telefono-zenbakian jasotzen diren eduki polizialeko deiak, ez eta jarduketa dagokion polizia kidegoari esleituko ere. Atzo esandakoaren arabera, aplikazio informatiko bat izango da poliziaren esku-hartzea esleituko duena, ez adostutako eskumen banaketaren arabera, baizik eta patruilen geokokapen teoriko baten arabera. Estatuak dituen interesei erantzuten die horrek, Nafarroako herritarren behar eta interesen gainetik.
EH Bilduk defendatzen du polizia-unitateen berregokitzapenean aurrera egin eta sakondu behar dela, Foruzaingoak Foru Erkidegoaren eskumen esklusiboak garatzen dituen heinean, Estatuko Segurtasun Kidegoek eskumen horiek emateari utz diezaioten.
Nafarroak eskumen osoak hartu behar ditu bere gain, ez bakarrik trafikoari eta garraioei dagokienez, baita herritarren segurtasunari, ingurumenari, ikuskizun publikoei, jarduera sailkatuei eta ordena publikoari eta polizia judizialari dagokienez ere. Segurtasun publikoaren arloan eskumenen erabateko bereganatze horren alde ez egiteak esan nahi du Foruzaingoa ez dela gai Nafarroak behar duen polizia demokratiko eta erreferentziazkoa izateko.
Hori guztia dela eta, EH Bilduren talde parlamentarioak atzo Segurtasun Batzordean lortutako akordioei buruzko informazio eskaera erregistratu du, akordioen benetako irismena ezagutzeko eta balorazio politiko sakonagoa egiteko, argitu gabeko gai asko baitaude, bereziki polizia-zerbitzuak osorik emateko ereduari buruzkoak edo Foruzaingoak FCEUSEekiko duen justaposizioari eta mendekotasunari eusteari buruzkoak, beti ere, ‘koordinazioaren’ eufemismoaren menpean.