Albisteak

2020-09-28

EH Bilduk Tokiko Produktuaren Azokarako laguntzei eusteko eta Milango Itunarekiko atxikimendua berresteko eskatu dio eskuineko hirukoari

EH Bilduk Tokiko Produktuaren Azokarako laguntzei eusteko eta Milango Itunarekiko atxikimendua berresteko eskatu dio eskuineko hirukoari IRUÑEA

Mayaren taldeak, sektore hau krisi latza sufritzen ari den arren,  elikadura-eredu jasangarria sustatzen duen azoka honetarako diru partida ezabatu du

 

EH Bilduk eskuineko hirukoari eskatu dio Iruñeko eta Nafarroako saltoki txikiekin eta elikagaien ekoizleekin hartutako konpromisoak bete ditzala, eta eutsi diezaiola asteburu honetan ospatuko den Tokiko Produktuaren Azoka egiteko diru-partidari. 2016an ospatu zen azoka hau lehen aldiz, eta orduz geroztik egin diren 3 edizioek Udalaren babesa jaso dute. Era berean, koalizio subiranistak beste adierazpen proposamen bat eramango du biharko Presidentzia Batzordera eta bertan eskatuko du Iruñeko Udalak berrets dezala hiria Milango Itunari atxikitzea. Itun horrek zirkuitu laburrei, kilometro zeroaren kontzeptuari eta biodibertsitatearen errespetuari lotutako elikaduraren (eta elikagaien ekoizpenaren) eredu iraunkorrago bat defendatzen du. Konpromiso horrek berekin dakar "kontsumo jasangarriaren alde lan egitea” eta nazioarteko protokolo bat lantzea, mundu osoko hirien parte-hartzearekin, iraunkortasunaren eta justizia sozialaren printzipioetan oinarritutako elikadura-sistemak garatzeko".

2016an Iruñeko Udalak, Milango Itunaren lan ildoa jarraituz eta sektore horretako ekoizleekin elkarlanean, Tokiko Produktuaren Azoka sortu zuen, tokiko ekoizleei eta artisauei zuzendua. Urte horretatik aurrera, Udalak dibulgazio, animazio eta dinamizazio-jardueretarako, karpen eta stand-en alokairuetarako eta segurtasunerako diru partida bat bideratu du. Partida hori aurrekontutik desagertu da aurten. "EH Bilduk uste du Iruñeak hasitako bideak ez duela atzera bueltarik izan behar, eta elikadura-politika jasangarriak, osasungarriak eta tokiko ekonomia bultzatzen duten politikak bultzatzen jarraitu behar duela", gaineratu du. Koalizioaren ustez, Iruñerriko eta eskualdeko ekoizleak eta merkatari txikiak Covid 19ren krisiaren ondorioak direla eta herri mailan kaltetuenak diren sektoreen zerrendan sartzeak garrantzia erantsiko lioke apustu horri eusteko aldarrikapenari.

Era berean, adierazpen-proposamenak Gobernu Estrategikoaren Arloari eskatzen dio "Milango Itunari atxikitako hirien sarean lanean jarraitzeko, alde batetik finkatuak dauden proiektuei buruzko informazioa zabalduz eta, bestetik, tokiko ekonomiaren eta enpleguaren jasangarritasunean sakontzeko proiektu berriak abian jarriz". Eskaera horren adibide dira dagoeneko martxan dauden lau Udal proiektu: Hemengoak proiektua, zeinak haur-eskola guztietako menuetan kalitatezko produktu jasangarriak, ekologikoak, eta sasoikoak erabiltzen dituen; Tokiko Produktuaren Azoka; gertuko hiriekin elikadura-subiranotasuneko proiektu espezifikoetan lankidetzan aritzea (Baiona, Donostia, etab.) eta ekonomia solidarioarekin eta iraunkortasunarekin lotutako tokiko proiektuak bultzatzen dituen Geltoki proiektua.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a