Albisteak

2020-09-04

EH Bilduk kontziliaziorako neurriak aktibatzera premiatu du Nafarroako Gobernua

EH Bilduk kontziliaziorako neurriak aktibatzera premiatu du Nafarroako Gobernua NAFARROA

EH Bilduk "kontziliazioa bultzatzeko eta errazteko premia larria” aldarrikatu du, “COVID-19k sortarazi dituen beharrei erantzuteko".

Koalizio politikoaren ustez, "ziurgabetasun handiko ikasturtea hasi berri dugu eta horrek, zalantzarik gabe, eragina izango du zaintzaren antolaketan, eta dagoeneko kezka handia sortzen ari da familiengan". EH Bilduren ustez, "hartu beharreko prebentzio-neurriak eta haurrentzako eskolaz kanpoko jardueren eskaintza falta dira familiengan eragin zuzena izango duten gaietako batzuk, eta horiek kontziliaziorako aukerak asko zailduko dituzte".

Horren harira, EH Bilduk gogora ekarri du Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legea, aurreko legealdian onartu zena, eta zeinaren arabera, "administrazio publikoek ugalketa-lanaren erantzunkidetasun soziala bultzatuko duten politika aktiboak garatuko dituzte". Halaber, "legeak jasotzen du administrazio publikoak antolakuntza aldatzeko prozesuak sustatu behar dituela, norberaren bizitza, familia eta lana uztartzeko", gaineratu du.

Hori dela eta, EH Bildu Nafarroa talde parlamentarioak mozio bat erregistratu du, eta, horren bidez, Foru Gobernua premiatzen du "eragile sozioekonomikoekin urgentziazko plan bat egin eta adostera, enpresetan malgutasun neurriak ezartzeko, gurasoek lana eta zaintza bateragarri egin ahal izan ditzaten osasun krisi garai honetan".

Era berean, "NBI, ordezkaritza politikoa, sindikala, mugimendu feminista, emakume-elkarteak, zaintza-sareak eta prebentzio-arretako zerbitzuen partaidetzarekin mahai bat lehenbailehen sortzea" eskatzen da, "zaintzaren arloan pandemiaren ondorioz sortutako arazo espezifikoak identifikatzeko helburuarekin".

Modu berean, erregistratutako mozioak "tokiko erakundeei eta gizarte-erakundeei zuzendutako finantzaketa-formulak artikulatzea" eskatzen du, "programa komunitarioak ezartzeko eta aisialdiko jarduerak eskaintzeko, osasun-segurtasuneko neurriak betez, ikasturtean zehar familia-kontziliazioa errazteko".

Azkenik, mozioak eskatzen du "12 urtetik beherakoak, adinekoak edota mendekotasun- edo desgaitasun-egoeran daudenak zaintzeko laguntza ekonomikoko programa bat sortzea, errentaren arabera, baldin eta kontziliaziorako beste neurri bat hartzea ezinezkoa dela egiaztatzen bada". Horrela, "Nafarroako Gobernuak, ahalik eta lasterren, eskaerak egiteko eta ebazteko baldintzak, errenta tarteak, zenbatekoa eta prozedura arautuko ditu".

 

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a