Albisteak

2020-12-11

EH Bilduk Haurrentzako Arreta Zerbitzuan kontrol politikoa inposatzeko "trama" bat salatu du, eskuineko hirukoarekin lotura duten pertsona eta enpresekin egindako kontratazio ilegalak barne hartzen dituena

EH Bilduk Haurrentzako Arreta Zerbitzuan kontrol politikoa inposatzeko "trama" bat salatu du, eskuineko hirukoarekin lotura duten pertsona eta enpresekin egindako kontratazio ilegalak barne hartzen dituena IRUĂ‘EA

Koalizioak lau helegite aurkeztuko ditu Coworkids espedientea geldiarazteko, tartean zuzendaria atzamarrez izendatzea eta Na+ alderdiko hautetsi bat pedagogo gisa jartzeari buruzkoa

 

EH Bilduk lau helegite aurkeztu ditu Nafarroako Administrazio Auzitegian Enrique Mayaren gobernu-taldearen aurka, Coworkids programaren kudeaketa Na+en kide diren pertsona eta enpresei emateko kontratazio irregularrak, informazioa ezkutatzea eta ad hoc kontratazio prozesuak egin dituztela salatuz. Coworkids eskuineko hirukoak Prebentzio Ekintza Komunitarioko Zerbitzuekin amaitzeko diseinatutako programa da. Joseba Asiron Iruñeko Udaleko koalizio subiranistaren bozeramaileak azaldu duenez, "Haurrentzako arreta zerbitzua kontrolatzeko klientelismoan oinarritutako azpiegitura sortzen ari da Navarra Suma eta hori oso larria da”, eta espedientea berehala geldiaraztea eskatu du.

EH Bilduk aurkeztu duen lehen helegitea Celia Pinedo Coworkids programaren arduradun gisa kontratatzearen aurkakoa da. "Nafarroako Unibertsitateari lotutako kargu berri bat da hau, haurren kudeaketan inolako esperientziarik ez duena, ideologia ultradun Fabre fundazioko kide dena eta aurretik Udalarekin fundazioaren materialak zabaltzeko kontratua egin duena eta, azkenik, auzoekin inolako loturarik ez duena", laburbildu du Asironek. Hiru dira helegitearen oinarri juridikoak, Joxe Abaurreak azaldu duenez: "Behin-behineko langileek zinegotziaren aholkularitza egiteko soilik bete ditzaketela zuzendaritza-karguak; plantilla organikoan ez dagoen plaza hori aldez aurretik sortu behar zela; eta sortzen den lanpostua funtzionarioentzat gordeta dagoela legez". "Navarra Sumak izendapen askeko kargu bat sortu behar izan du bere gertukoa den pertsona bat kontratatzeko; izan ere, inongo prozedura publikok eta lehia askeak ez luke justifikatuko haurren arretan esperientziarik ez duen norbait postu horretan kokatzea", laburbildu du Asironek.

Bigarren helegitea Lourdes Aróstegui, Mendigorriako Navarra Sumaren zerrendaburu eta PPko buruzagi ohia, Coworkids programako pedagogo gisa kontratatzearen aurkakoa da. Endika Alonso zinegotziak eman ditu kontratazio "ilun" horren nondik norakoak: "kontratazio hau 2019ko irailean egin zen, Na+ boterera sartu eta hiru hilabetera. Pedagogian lizentziadunen zerrenda bat egiteko proben deialdia egin zuten inolako justifikazio espezifikorik gabe eta beste arlo batzuen beharren aurretik. Lourdes Aróstegui izan zen deialdi hartako lehen postuan geratu zen pertsona, eta deigarria da deialdiaren diseinuan eskuineko hirukoaren izendapen askeko kargu batek parte hartu zuela. Zazpi hilabete geroago, izendapen askeko kargu horrek berak Lourdes Aróstegui Partehartze arloko plantillan sartzea gomendatu zuen, "arloa indartzeko asmoz”. Benetan bitixa dena zera da: lanpostu berri horrek, parte hartze arlokoak, ez zuela inolako zerikusirik Navarra Sumako agintariek egindako pedagogo zerrenda osatzeko deialdiarekin", azaldu du Alonsok. Azaroan kontratazio ilun honetan beste urrats bat eman zuten, PPrekin lotutako pedagogoa Coworkidseko zuzendaritza taldeko kide izateko hatzez izendatu zutenean. "Lau hilabeteko epean, Aróstegui bere profilekoa ez zen lanpostu bat betetzeko Udalean lanean hastetik Coworkidsen zuzendaritza-taldean sartzera egin du jauzi, eta une oro A mailako soldata jaso du, egiten zuen lana B mailako soldata bati zegokionean", laburbildu du Alonsok. "Kontratazio hau ezohiko bide baten bidez egin da, aldez aurretik plaza sortu behar zen eta lekualdaketa zerekin egin behar zen zehaztu behar zuten", gaineratu de Joxe Abaurreak, TANen aurrean jarritako errekurtsoaren oinarri juridikoa azaltzeko.

"Eskuineko hirukoak bere gertukoak diren pertsona hauek lege iruzurra eginez kontratatzeak 80.000 euro inguruko gastua ekarriko dio Udalari urtero, prebentzio talde batek jasotzen zuen kopuru ia berdina, baina talde hauetan hiru profesionalek eta dozenaka boluntariok egiten zuten lan", gogorarazi du Asironek. "Hori bai, Na+ek piramide itxurako egitura baten esku uzten du zerbitzua, zinegotziak zuzenean kontrolatuta", gaineratu du EH bilduko bozeramaileak.

Caballero zinegotziaren eta udako kanpamenduak kudeatu zituen enpresaren arteko loturak

EH Bilduren azken errekurtsoak Mayaren taldeak espediente horri eta beste batzuei buruzko informazioa ukatu duela salatzen du. "Zinegotziak babesten dituen eskubide konstituzional bat urratzen du jokabide horrek", azaldu du Abaurreak. Kasu honetan, Maria Caballero Gizarte Zerbitzuetako zinegotziak aurtengo udako kanpalekuak kudeatzeko SEDENA kontratatu izana da aztergai. "Ekainean, pandemia aprobetxatuz, Caballero andreak trikimailu bat egin zuen prebentzio-taldeei Udako Kanpalekuen kudeaketa emateko alorreko teknikarien irizpidearen aurka, eta Kontratu Publikoen Administrazio Auzitegiak legez kanpokotzat jo zuen", azaldu du Joseba Asironek. "Azpijoko horren ondorioz, Caballerok ezohiko kontratu bat deitu zuen enpresa pribatuek kanpamendu horien ardura har zezaten, eta, azkenean, SEDENAk irabazi zuen kontratua", gaineratu du. "Espedientean jasotzen denez, Caballero andrea, lizitazio hau baloratu behar zuen epaimahaiko kide zena, bezperan epaimahaitik kendu zutela", jarraitu du. "Horri buruzko informazioa eskatu genuen, eta orain arte ukatu egin digute, agian bateraezintasun horrek zerikusia duelako enpresa horretako goi-kargudun baten eta Caballero andrearen arteko harreman hurbilarekin", gaineratu du.

Koalizio subiranista beldur da Coworkids programarekin iruzur berdina egingo dutela. Asiron horrela mintzatu da: "munizipalizazio faltsu hau justifikatzeko Navarra Sumak, salatutako bi kontratazio irregular horiez gain, Gizarteratze Teknikarien 14 kontratazio aurreikusi zituen, teorian behintzat Udalean zegoen zerrendatik kontratatu behar ziren profesionalak". "Bada, Na+ek ez du langile horiek kontratatzea lortu, besteak beste, zerrenda horretako pertsona gehienek uko egin diotelako iruzur horretan parte hartzeari, eta beste behin ere presaka eta korrika egin behar izan dute zerrenda berri bat osatzeko deialdia. Horrek esan nahi du Coworkids programa garatzeko beharrezko profesionalak ez direla aurreikusitako datan kontratauak egongo, abenduaren 31n alegia,  20 egun barru", azaldu du Alonso zinegotziak, eta gaineratu du prozedura hori aurkeztutako laugarren helegitean salatu dela. 

"Urtarrilaren 1ean honako egoeran egongo gara: ez dugu prebentzio talderik izango haien kontratuak iraungita egongo direlako; ez dugu ordezkapen-talderik izango, Coworkidsentzako hautaketa-prozesua ez delako amaitua egongo eta zerbitzua emateko inolako esperientziarik ez duten bi zuzendaritza kargu soiliki izango dituzte, hatzez kontratatutako pertsonak alegia. Eta zer gertatuko da orduan? Badugu aurrekari bat: SEDENA ", laburbildu du Asironek.

"Afera honetan Navarra Suma ildo arriskutsu batetik igaro dela uste dugu. Ezin dute nahi dutena egin beraien gertukoak diren pertsonei mesede egiteko. Are gehiago jokoan dena haur zaurgarrien arreta denean. Arreta horrek kudeaketa gardena, arduratsua eta paregabea eskatzen du, ez interes ilunen txiringito bat ", azaldu du EH bilduko bozeramaileak. "Hori dela eta, espedientea geldiaraztea eskatzen dugu, eta gure ikerketaren dokumentazio eta xehetasun guztiak komunikabideei eta taldeei eskaintzen dizkiegu, guztion artean astakeria hau, eta horren atzean ezkutatzen den ustelkeria, geldiarazteko", gaineratu du.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a