Albisteak

2020-09-24

EH Bilduk eskuineko hirukoaren sektarismoa salatu du, alderdi eta sindikatu gehienetako gazte sailak Gazteriaren mahaitik kanpo utzi dituelako

EH Bilduk eskuineko hirukoaren sektarismoa salatu du, alderdi eta sindikatu gehienetako gazte sailak Gazteriaren mahaitik kanpo utzi dituelako IRUĂ‘EA

Koalizioak biztanleriaren sektore honentzako proposamen bereziak eskatu ditu, besteak beste, enplegua, etxebizitza eta berdintasuna, eta gazte elkarteekin elkarrizketa prozesu zabal bati ekin dio ekimenak biltzeko

 

EH Bilduren udal taldeak salatu du eskuineko hirukoak bi alderdi politikoetako gazteria baino ez duela deitu Gazteriaren Mahaira, "espektro ideologikoaren gainerako alderdiak baztertuz, badirudi ez direla existitzen, ez daudela antolaturik edo ez dutela ekarpenik egiten”. Salaketa hori atzo, asteazkena, Gazteriaren Mahaia ospatu ondoren egin du koalizioak, deialdian Fernando Sesma buru duen parte-hartze arloko arduradunek Navarra Suma eta PSNko gaztezailak soilik deitu zituztela ikusi ondoren. Baina "araudiaren interpretazio sektario" hori sindikatuen arloan ere eman zen, eskuineko hirukoak UGT eta Comisiones Obreras gazteen atalak baino ez baitzituen deitu.

"Argi dago eskuinaren aniztasun kontzeptuak ez duela zerikusirik hiri honen errealitate politiko eta sozialarekin, eta argi dago, halaber, Udalak, erakunde gisa, ezin duela onartu parte-hartzea bazterketan eta sektarismoan oinarritzea", salatu du koalizio subiranistak.

Hori dela eta, EH Bilduk bi ekimen jarriko ditu abian: lehenik eta behin, mahai honen deialdia Partaidetzarako Ordenantza berriaren arabera arautzea, mahaiaren aniztasuna bermatzeko helburuarekin, eta, bigarrenik, gazteen sektorearen "ordezkaritza zabal eta plurala" izango duen elkarrizketa-prozesu propioa irekitzea, "gazteriaren egoeraren diagnostikoa egiteko eta dituzten arazoei aurre egiteko ekimenak biltzeko". Elkarrizketa prozesu hori hamar eguneko epean irekiko da.

EH Bilduk nahi du Udalak, erakunde gisa, eztabaida zabal dezala, "ez soilik aisialdiaz eta denbora libreaz hitz egiteko, eskuinak gazteriaz duen ikuspegi mugatuak proposatzen duen bezala,  baizik eta biztanleriaren sektore honek bizi duen errealitatearen arazo ezberdinak jasoz, besteak beste enplegua, etxebizitza eta berdintasuna". Koalizio subiranistaren ustez, eskuinaren ikuspegi murritz horren adibide bat da Covidaren egungo krisi-egoeran gazteriarekin egiten ari den "kriminalizazio-prozesua". Izan ere, "aisiarekin lotutako jarrera konkretu batzuetaz haratago, gazteria da gehien inplikatzen ari dena okerren pasatzen ari direnei laguntzeko lanetan, boluntariotza eta lan desinteresatuaren bitartez".

Koalizio subiranistak, halaber, Gazteriaren Mahaiaz gain, gazteriak parte hartzeko bitarteko berriak aztertuko ditu, "gazteen elkarrizketa, arazoak eta ordezkaritza askoz heterodoxoagoa baita mahai instituzional batean sartzen dena baino".

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a