Albisteak

2021-01-12

EH Bilduk eskatu du Hiriko Berdeguneen eta Zuhaiztien Ordenantza berria hiru hilabeteko epean bideratzea

EH Bilduk eskatu du Hiriko Berdeguneen eta Zuhaiztien Ordenantza berria hiru hilabeteko epean bideratzea IRUĂ‘EA

Koalizioak azken denboraleko izotz plakak kentzeko eskatu dio eskuineko hirukoari, oraindik izotza baitago bizikleta-erreietan eta oinezkoentzako guneetan, hala nola Labriteko aldapan edo Plazaola pasealekuan

 

EH Bildu udal taldeak, bihar Hirigintzan eztabaidatuko den adierazpen baten bidez, hiriko Berdeguneen eta Zuahiztien Ordenantza izapidetzen hasteko eskatuko dio eskuineko hirukoari. Honela, 2011-2015 legegintzaldian hasitako lanari jarraipena eman nahi dio EH Bilduk, alegia irizpide tekniko homogeneoak aplikatzea parke eta berdegune berrien proiektuetan, zuhaitz berrien landatzean, parke eta lorategien mantentze-lanetan eta parke horien erabileretan. Lan horiek aurreko legealdian amaitu ziren, eta Ordenantza berria izapidetzeko zirriborroa prest geratu zen. "Gobernu talde honen utzikeria dela eta, Udalaren konpromisoak eta adostutako epeak sistematikoki urratzen ari da, eta, ondorioz, izapidetzea atzeratzen ari da. Atzerapen hori ez da soilik administrazioaren kalterako, herritarren kalterako baizik", salatu du koalizioak.

Udal taldeei araudiaren zirriborroa eta "azken urte honetan egin den edozein dokumentu” helaraztea eskatzen du adierazpenak. Helburua argia da: Ordenantza izapidetu aurreko lana dinamizatzea, izapideak arindu eta Iruñeko Udalak tresna arauemaile hori "ahalik eta arinen" izan dezan ahalbidetzea.

EH Bilduk salatu duenez, nahiz eta zirriborro horiek eginak dauden eta zinegotzi delegatuak berak ekainean lanak "iraila baino lehen" hasteko konpromisoa hartu zuen, ez dute oraindik ezer mugitu, Udalbatzaren gehiengoak behin baino gehiagotan eskatu duen arren. "Gainera, egungo gobernu taldeak ez du arau proposamen hau 2021eko Arau Planean sartu eta, hartara, konpromiso hau hartzea are beharrezkoagoa da", ondorioztatu du koalizioak.

Izotz-plakak eta Bizikleta-bideen Sarearen plangintza

Bestalde, EH Bilduk eskuineko hirukoari eskatu dio hiriko bizikleta-erreiak eta oinezkoentzako guneak behingoz garbi ditzala. "Oraindik orain, denboralea egon zenetik lau egun igaro direnean, txirrindularien eta oinezkoen joan-etorria oztopatzen duten izotz plaka arriskutsuak daude". Dozenaka mezu jaso dituzte sareetan, eta txirrindularien kolektiboek zailtasun horietaz ohartarazi dute Labriteko aldapan eta Plazaola pasealekuan, besteak beste, "Gobernu taldeko arduradunek entzungor egin diete, eta badirudi lehentasun osoa auto pribatuen zirkulazioa dela, ez pertsonena".

Azkenik, biharko Hirigintza batzordeari begira, EH Bilduk, Geroa Bairekin batera, ekimen bat sinatu du eskuineko hirukoari eskatzeko hurrengo Mugikortasun Batordean azal dezala "zein diren 2021erako aurreikuspenak eta plangintza, talde guztien artean adostu dezagun Bizikleta-bideen sareari dagokionez jarraitu beharreko ibilbide-orria".

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a