Albisteak

2020-09-23

Arrosadian 31.000 metro koadroko merkatal azalera bat sortzea ahalbidetzen duen espedientea gelditzea eskatu dio EH Bilduk Mayari

Arrosadian 31.000 metro koadroko merkatal azalera bat sortzea ahalbidetzen duen espedientea gelditzea eskatu dio EH Bilduk Mayari IRUĂ‘EA

Saltoki txikiak defendatzeko eskatu du, eta Nafarroa etorbideko gasolindegi berriaren eta Zaragoza etorbidearen arteko azaleran bizitegi, bulego eta dotazio erabilerak lehenestea

 

EH Bilduren Udal taldeak honako eskaera egin du gaur Hirigintzako Gerentzian:  eskuineko hirukoak berpiztu nahi duen espedientea aldatzea, zeinak La Milagrosa auzoaren hegoaldean 31.000 metro koadroko azalera sortzea ahalbidetuko luken. Zehazki, koalizioak Enrique Maya alkateari eskatu dio Nafarroa etorbideko gasolindegi berriaren eta Zaragoza etorbidearen arteko azalerari eragiten dion S-2 Sektoreko Udal Planaren Egitura Aldaketaren Proiektuaren onarpena geldiarazteko, eremu horren erabilera orokorra aldatu ahal izateko. Bizitegi-erabilera lehenestea eskatu du koalizioak, erabilera komertzial askoz mugatuagoa, bulegoak,  adinekoen egoitzak edo edo ikasleen egoitzak ezartzearekin bateragarria delako. "Milagrosa eta Azpilagaña auzoetako saltoki txiki eta ertainak babestu behar ditugu, baita haietaz bizi diren pertsonak ere”, gehitu du koalizioak.

"Eskuinak lehen egiten zuen hirigintza eredua berrezarri nahi du, enpresa eta korporazio handien interesak lehenetsiz alegia", salatu du koalizioak. "Politika negargarri horri esker Iruñea biztanleko saltoki gehien dituen bigarren hiria da eta ehunka saltoki eta milaka lanpostu desagertu dira", azaldu du. "Komertzio txikia egoera kritikoan dago eta sektore honi lagundu beharrean eskuina korporazio handiei mesede egiteko politikara itzuli nahi du", salatu du EH Bilduk.

Koalizioaren ustez, halaber, espediente hau modu "zalantzagarrian" izapidetu da, EH Bilduk eskatu zuen parte hartze prozesua egin gabe eta auzoko sare sozial eta ekonomiaren iritzia jaso gabe. Eta honako galdera egin dio Udal Gobernuari: Kasu honetan zergatik ez du  parte hartze prozesurik egin nahi,  eta aldiz Erripagainako PSISean auzoak Belosoko magalean etxebizitzak eraikitzeari buruz erabaki dezan eskatu duen? EH Bilduen ustez "eskuinarentzat lehen mailako auzoak eta bigarren mailako auzoak daude".

Bada beste elementu bat espediente horren inguruko susmoak piztu dituena: Donapeako mesetako Udalez Gaindiko Eraginaren Plan Sektorialaren (PSIS) helburuetako batzuk berreskuratu ditu.  “PSIS hori UPNko Gobernuek izapidetu zuten lurzoru eremu hauetarako eta Nafarroako Justizia Auzitegi Nagusiak baliogabetu egin zuen”. " Agerikoa da norbaiti mesede egin nahi zaiola operazio honekin, baina ez Arrosadia eta Azpilagaña auzoetako saltoki txikiei ezta bizilagunei ere", adierazi du koalizio subiranistak, eta gaineratu du: "paradoxikoa da IKEAren ezarpena kritikatzen zutenek orain merkataritza-azalera handi hori atzeko atetik jarri nahi izatea".

Proiektua Hirigintzako gerentzian aurkeztu ondoren, dokumentua Tokiko Gobernu Batzordera eramango da, eta, ondoren, Osoko Bilkurara. Testuak izapidea igarotzen badu, espedientea informazio publikora zabalduko da hilabete batez.  Behin-behineko onarpena osoko bilkurari dagokio, baina behin betikoa Nafarroako Gobernuari. EH Bilduk "iraganeko akatsak zuzentzeko" beharra azaldu du, eta eskuineko hirukoak "Arrosadiako eta Azpilagañako saltoki txikientzat erabat kaltegarria" izango den espedientea tramitatzen jarraitzen badu, beste erakunde batzuetan "zentzugabekeria" hori geldiarazten saiatuko dela gaineratu du.

Hartu hitza!
Zure ideiak entzun nahi ditugu
Batu!
Aktibisten sarera gehitu zaitez
Saretu!
Sare sozialetan aktibismoa
Deskargatu!
Material eta bitartekoen kit-a